“Esperientzia handia izan da zerotik hastea”

Nerea Eizagirre 2010eko azaroaren 7a

Naike Zumeta Bulgariara praktikak egitera joan zen hiru hilabetetarako Erasmus diru laguntzarekin. Baina lan egiteaz gain, turismoa egiteko aukera ere izan zuen lasarteoriatar honek. Hau guztia, bere lehenengo egunak Sofian, lan egiteko hizkuntza berria ikasi beharra eta hainbat bitxikeri azalduko ditu Naikek Jalgi kafe-antzokian asteazkenean, 21:30ean eskainiko duen diaporaman.

Non bizi zinen Bulgarian?
Hiriburuan bizi nintzen, Sofian. Bulgariako hiri garatuena da eta praktikak egiteko eta enpresa bat bilatzeko hoberena.

Nolakoak izan ziren lehenengo egunak?
Hara joan eta etxea nolakoa izango zenaren beldur ginen.
Guk ez genuen arazo askorik izan. Baina beste lagun batzuk egon ziren etxeetan, ez zegoen koltxoirik eta hiru edo lau esterila bata bestearen gainean jarrita egiten zuten lo.
Hala ere, iritsi eta hozkailurik gabe, kazuela eta edalontzirik gabe aurkitu ginen.

Hain egoera txarrean al dago Bulgaria?
Kale nagusietan eraikin handiak ikusten ziren eta bi kale atzerago joan eta etxeak ez zeuden egoera onean.
Errepideak orokorrean gaizki zeuden. Azpiegituretan ez dute dirua gastatzen.
Esate baterako, martxoan joan ginenean, kriston hotza egiten zuen eta elurra egin zuen. Ba ez zen inor pasa elurra kentzera eta urtu harte hor egon zen. Eta gero putzuak zeuden edonon.
Gogoratzen dut, gainera, kafetegi baten barruan ginela, emakume bat pasa eta elurra gainera erori zitzaiola.
Gainera, espaloiak Humor Amarillo programako proba batekin konparatzen nituen, uretako hanburgesena. Izan ere, ez zenekien zein zen baldosa ona eta zein txarra.

Beraz pobrezia handia dago?
Gu erdialdetik ibiltzen ginen eta ez zen pobre asko ikusten, baina herrixka txikietatik eta Sofiako inguruetan txabola pila ikusi genituen.
Ez dakit bulgariarrak ziren edo errumaniarrak ziren, baina nik errumaniarrak zirela uste dut. Izan ere, ez zuten bulgariar itxurarik.
Han emakumeak oso argalak dira eta gizonak kristonak dira, nik mister proper-en antza hartzen nien. Hile motza, gihartsuak eta oso handiak.
Horretaz gain, guri gehien harritu ziguna, nahiz eta dirurik ez izan eta etxean zuloa izan, kotxe hoberenarekin eta jantzi hoberenarekin joango zirela esaten zutela zen. Eta hori kanpoko jendeak pobreak direla ez antzemateko egiten dute.

Eta ez al dute Europar Batasuneko laguntzarik?
Laguntzak eskatzen ditu Gobernuak eta eraikuntza berri eta handiak ikusten dira, baina behar nagusietan ez dute hobekuntzarik ikusten.
Horregatik, nahiz eta duela gutxi Europar Batasunean sartu den, ez dute europartasun hori sentitzen.

Gaia aldatuz, praktikak egitera joan zinen, zailtasunik aurkitu al zenuen?
Nire lehen egunak beldurtu ninduen. Enpresara joan nintzen kafearen orduan eta emakume guztiak hitz egiten zidaten eta nik ez nuen ezer ulertzen, noski.
Izan ere, lan egitea oso zaila zen hasieran. Guztia zirilikoz zegoen, paper guztiak...

Beraz, hizkuntza berria ikasi behar izan zenuen?
Bai. Lehenengo bi asteetan, kaosa izan zen. Lehenengo astean ez genuen ziriliko klaserik izan, bigarrenean hasi ginen.
Gogoratzen dut leku batera joateko bidea erakutsi zigutela eta guk hori egiten genuen kartelak eta ulertzen ez genituelako. Hasieran asko galtzen ginen.
Gero zirilikoz hitz batzuk ikasi genituen eta alfabetoa. Hori ikasi eta ingelesarekin lotuaz zentzua ematen genien hitzei. Baina alfabetoa ikasi arte, nahiko zaila izan zen.

Eta gero zer moduz moldatzen zineten?
Ingelesa zekitenek gure maila zeukaten eta horiekin ongi ulertzen ginen.
Baina gehiengoak ez daki ingelesik, beraz, mimikaren bidez eta bulgaroz ikasi genituen hitz batzuekin moldatzen ginen.

Bidaiatzeko aukera ere izan duzu, ezta?
Bai, horrela da. Enpresakoek ez ziguten arazorik jartzen eta bidai asko egin ditugu.
Hango enpresa batek irteerak prestatzen zizkigun taldea egiteko.
Haiekin musulmanak sartu zirenean suntsitu ez zituzten herriak, Kopritvstitsa eta Plovdiv, ikustera joan ginen. Batez ere, alde zaharrak. Beste irteera batean, herri txiki batera joan ginen ardoa nola egiten zuten ikustera, baita herrian zeuden eraikin zaharrak ezagutzera ere

Baina zuen kabuz ere egin dituzue bidaiak ...
Bai, noski. Bulgarian zehar kotxe bat alokatu eta gidetan agertzen diren lekuak ezagutzera joan ginen. Bulgaria ezagutu gabe ezin bueltatu.
Honela, herri txikiak ikusi genituen. Kostan ere egon ginen, Itsaso Beltza, Varna, Rilako monastegia...
Gainera, han ginela aprobetxatuz, ondoko herriak ikusi eta ezagutzeko aukera paregabea genuen.
Honela Serbia, Turkia, Grezia eta Mazedonian egon ginen. Errumaniara joan nahi genuen baina ez genuen denborarik izan.

Lagun pila egingo zenituen?
Bai, horrela da. Horrelako egoera batean gauza asko ikasten dituzu, baina bereziki lagun asko egiten dituzu.
Pisukideekin primeran moldatzen nintzen. Lehenengo egunetan, denak batera ibiltzen ginen, gosaltzeko, bazkaltzeko, afaltzeko. Dena batera egiten genuen.
Beste erasmus batzuk eta bulgariar batzuk ezagutu genituen denborarekin, praktikak egitera joan ziren andaluziar batzuk ere. Unibertsitateko eremuan ere jende pila, galego bat,...
Egia esan, bulgariar askorekin ez dugu harremanik izan. Hori gehien bat lanean izan da.

Eta nolakoak dira bulgariarrak?
Fisikoki lehen azaldu dut. Baina pertsonalki oso beroak dira. Hasieran hotzak dirudite, baina ez dira horrela.
Lehen aipatu dudan lehenengo lan egun horretan, emakumeak niri hizketan ari zirela eta nik tutik ulertzen ez nuen horretan, emakume bat gerturatu zitzaidan. Ez beldurtzeko eskatu, kriston besarkada eman eta zu familiakoa izango zara esan zidan.
Horren ostean, lankideek haien urtebetetzetara eta afarietara gonbidatzen ninduten. Bertan enpresako lankideak, familia... zeuden.
Hasieran hotzak diruditen arren, hiru hilabetetan horrela ez direla konturatzen zara. Gu ere horrelakoak garela diote, ezta?

Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia handia izan da. Han zerotik hasi eta hiru hilabete egon. Lana egin eta hizkuntza desberdin batean...