Dardoak eta integrazioa

Nerea Eizagirre 2010eko azaroaren 8a

Bost urte dira Jalgune elkarteko mutil eta neskek txapelketa berezi batean parte hartzen dutena. Haien eta kaleko gazteen indarrak batuz dardo lehiaketa kooperatiboa antolatzen da, Dardos Easoren laguntzaz, Also tabernan.
Larunbatean izan zen eguna eta giro ederrean 15 bikote aritu ziren dardoak jaurtitzen.
Proba desberdinak egin zituzten eta oztopo txiki batzuk jarri zitzaizkien Jalgunekoak ez zirenei.
Honela, urritasuna duten gazteengana gehiago hurbiltzeko asmoarekin dardoa jaurtitze hutsak duen zailtasunari beste batzuk gehitu zitzaizkien, adibidez, begiak estalita, patinete baten gainetik, belauniko, ura edanez edo eskuak lotuta jaurti zituzten dardoak.
Arratsalde pasa ederra egin zuten Jalguneko lagunek eta txapelketa amaitzean parte hartzaile guztiek sari berezia izan zuten, opariz betetako motxila.

Helburua betetzen

Elkarteko arduradunak pozik agertu dira ekintzarekin eta parte hartzaileekin, “jendea prest agertu da lehiaketan parte hartzeko eta hori eskertzekoa da.”
Honetaz gain, elkartearen helbururako, gazteen harreman sarea zabaltzeko honelako ekintzak oso positiboak direla azpimarratu dute.

Jalguneren jaialdia

Izan ere Jalgune elkarteak, horrelako hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar eta hurrengoa, Jalguneko jaialdia izango dela gogoratu digute, “azaroaren 27an, larunbata, arratsaldeko 18:30ean Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan izango da hori.”
Egun hauetan, jaialdiaren antolaketan buru belarri daude lanean elkarteko kide eta lagunak.
Arduradunek azaldu digutenez, “iazko partaide kopurua gainditu nahi dugu.”
Horregatik elkarteak deialdi zuzena egiten die jaialdian parte hartu nahi duen orori.
Interesatuak dauden herritarrak Jalgune elkarteak Beheko Kale bidea 1, 2. solairuan duen egoitzara hurbildu daitezke ostegun eta ostiraletan, 17:30etatik 19:30etara edo larunbatean, 15:30etatik 20:30etara.