Ondoren prozesu honen nondik norakoak azaldu zituzten, norberak konpostatzea zer den eta nola egiten den alegia, lau arautatik abiatuz: leku egokian eta lurrarekin kontaktuan kokatzea, materia heze eta lehorra bolumen berdintsuan botatzea, ondo nahastea eta hezetasuna kontrolatzea.
Azkenik, zein arazo izaten diren, hauek nola konpondu daitezkeen eta etxean egindako konposta hori zertan erabili daitekeen azaldu zuten. Ordu bete inguru iraun zuen ikastaroak.
Konpostajea auzolanean
Konpostagailua jartzeko derrigorrezkoa da lur sail bat izatea, eta arazo horri aurre egiteko Zabaleta auzoan lurrik ez dutenentzat konposta-gune bat jartzeko asmoa jakinarazi dute.
Uda aurretik hasi ziren Zabaletako auzokide batzuk biltzen, auzoan auto-konpostatzea martxan jartzeko. Batetik, auzoan bizi eta etxe inguruan lurrik ez daukatenak taldean, denek elkarrekin, konpostatzeko aukera aztertzen ari dira.
Zabaletako ur depositu zaharraren ondoan lur pusketa bat begiz jota dute eta konpostatzeko kutxa batzuk jarriko dituzte, gai organikoak bertan bota eta konpostatzeko. Auzo elkarteko ordezkariak Udalarekin harremanetan jarri dira lur sail hori erabiltzeko baimena eskatzeko. Eperik ez dute jarri, baina tokia auzolanean prestatu eta itxiko dutela aurreratu dute, konpostagailuak jarri eta konposta egiten hasteko.
Konpostagailuak
Zabaletako auzo elkarteak, bestalde, konpostatzeko kutxak dauzka auzotarren artean banatzeko. Hauetako batzuk erabiliko dira auzoko konpostategi horretan, lurrik ez daukatenen txokoan, eta besteak etxe ondoan lorategi, baratze edo lur saila dutenen auzotarren artean banatuko dira.
Ekainetik ari dira auzoan hondakin organikoa berziklatzeko prozesua jorratzen. San Markoseko Mankomunitateko ordezkari Imanol Azpiroz-ek hitzaldi bat eman zuen hiri hondakinen kudeaketa eta konpostatzeko aukeren inguruan, uztailean bildu ziren lehen aldiz auzoan konpostatzen hasi nahi dutenak eta irailaren bukaeran auzo elkartea gai hau jorratzeko.
Araudia
Zabaletako kaskoko zenbait auzotarrek adierazi dute hondakin organikoekin konposta egiteko asmoa eta taldean egiteko arau batzuek prestatzen ari dira. Helburua batzuk hasi eta gero, lortutako emaitzen arabera, zabaltzekoa da. Beste auzotar batzuek ere adierazi dute eta aurrerago horretan hasteko interesa.
Egun zabor poltsako %40-45 inguru zati organikoa da eta urtaroaren arabera hiru eta sei hilabete arteko epea behar da hondakin organiko horiek ongarri bihurtzeko. Etxean konpostatzeko ahalegintxoa hondakinak murrizteko helburuaren aurrerapausu handi bat da, ez da hondakin horiek bildu beharrik eta ziklo natural bat ixten da: lurretik jasotakoa lurrari bueltatzen diogu.