Ostiralean, azaroaren 12an, arratsaldeko 20:00etan The Boogalords taldearen emanaldia entzuteko aukera izango da.
Gazteria sailak eta Xpression kultur elkartearen eskutik, boogaloo estiloaren alde egiten duen taldea ikusteko aukera egongo da kultur etxeko kafetegian.
Era berean, Jazz-Funky, Blues edo Latin-Jazz estiloak ere ekarriko ditu The Boogalords taldeak.
Talde instrumental honek, estilo hauek guztien loturak erakutsi eta inprobisaziorako duten gaitasuna ere erakutsiko du.
Santi Artola kitarran, Euxebio Soria baxu elektrikoan, Ixa Oiartzabal baterian eta herrikoa den Beatriz Hurtadok piano eta teklatuan Joe Zawinul, The Beatles edo George Harrison artisten lanak eskainiko dituzte besteak beste kultur etxeko kafetegiko oholtzan.
Gora Gora Kids
Garage rock, punk, rhytmn and blues edo 60. hamarkadako doinuak entzungo dira Jalgi Kafe antzokian ostiraleko 23:00etatik aurrera.
Gora Gora Kids taldeak Uaouh, miau & yeah! bere lehengo laneko zortzi abestiak aurkeztuko ditu.
Taldearen indarra eta abesti bizi, bero eta dibertigarrien bidez, ostirala gauean kafe antzokiko entzuleak dantzan jartzeko asmoa du talde honek.
Afrikako egoera
Eta kultur eskaintzarekin jarraituz, larunbatean, hilaren 13an, Akaziaren jokoa ikuskizuna iritsiko da herriko kultur etxera.
Kultura eta hezkuntza saila eta Medicus Mundi elkartearen eskutik, antzerkia eta dantza garaikidea biltzen dituen lan berezia ikusiko da.
Afrika eta Europaren arteko harremana eta loturak aurkezten dira lan honetan.
Era berean, Afrikan emakumeek bizi duten egoera azaldu eta herritarren sentsibilizazioa lantzen da.
Gauzak honela, antzezlan honetan, Afrikara lagun min baten bila joan eta arrazoirik eman gabe bertan geratzea erabakitzen duen pertsona baten istoria kontatzen da.
Hiru eszenetan zehar, bidaiaren azken uneak aurkeztuko dira, Afrikan bertan kokatuak.
Ikuskizunak bi saio izango ditu bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Euskarazko saioa arratsaldeko 18:30an hasiko da; gaztelerazkoa, berriz, 20:30an izango da. Sarrera doakoa izango da.