Hirugarren izan zen Mikel Landa eta Asier Monreal-ek osatutako bikotea duela bi aste jokatu den Munduko Txapelketan, Venezuelaren aurka erraz 40-3 irabazi eta gero. Brontzezko domina ekarri du beraz Donostian bizi den lasarteoriatarrak etxera.
Azkenean hirugarren trinketean, zapore gazia gozoa baino gehiago?
Betiko kontua izaten da, trinketean zaila da finalean sartzea. Bi bikote oso fuerte izaten dira, Iparraldekoak eta Mexikokoak, eta besteak bastante baxuagoak. Beraz, hirugarren egitea erraza da eta finalean sartzea zaila.
Pena pixka batekin geratu zarete beraz?
Bai finalerdia galdu genuen eta, penarekin. Hor zegoen finala baino,...
Gakoa hori izan zen Mexikoren aurkako finalerdia: 40-35 galdu zenuten?
Ona izan zen partidua eta partidu ona egin genuen, hori baino hobeak gutxi egingo ditugu, susto bat eman genien. Ordu eta berrogei minutu iraun zuen partiduak, dena eman genuen, lehertuta bukatu arte.
Onak ziren mexikarrak, beraz, zer egin zuten finalean?
Txapeldunak izan ziren.
Iparraldekoen kontrako finalerdia irabaziko al zenuten?
Agian bai agian ez. Ezberdin jokatzen dute eta ez dago asmatzerik.
Zenbat egun egon zarete Pau inguruan?
Txapelketa 10 egun dira, baina aurretik joaten gara, bi aste egon ginen bertan. Orain arteko txapelketetan banaka aritu naiz, eta aurten binaka.
Zer moduzko giroa izan duzue pilotarien artean?
Gure artean ona. Gero goikoekin izaten ditugu sesioak. Azken finean afizionatuak gara, eta edukitzen gaituzte elitekoak bagina bezala. Profesionalak bagina bezala tratatzen gaituzte.
Inguru ederra, Pirinioetan,...
Bai, oso polita da, baina gu hotelean eta trinketeko guneetan egoten ginen. Hau aparte xamar zegoen eta ez genuen beste ezer egiten.
Zer iritzi euskaldunak España eta Frantziaren ordezkari izateari buruz?
Ez dakit, honetan hasi nintzenean galdetu zidaten jokatu nahi nuen, eta besterik gabe joan egin nintzen. Nahiko sesio izaten dugu, bi federazio ezberdin direlako, Euskadikoa eta Españakoa, ez dira moldatzen beraien artean. Bestalde, egoera xelebrea bada, haiek (frantsesak) ere euskaldunak ziren, euskaraz hitz egiten zuten.
Europako txapelketan talde asko izaten al da dira?
Pilota ez dago oso zabalduta eta orduan Europako Txapelketan izaten dira Españako eta Frantziako txapelketetako bi lehenengoak, eta gero Belgika eta Italia ere etortzen dira txapelketara, baina hauek ez daukate mailarik.
Munduko txapelketa lau urtean behin jokatzen da, olinpiadak bezala; gutxitxo da agian?
Guretzat bai, urtean zehar partidu gehiegi ere ez dugu izaten eta. Tartean Munduko Kopa deitzen diotena izaten da, eta eskerrak. Bi urtero jokatzen dugu. Dena den, ni ez naiz horri begira egoten. Gipuzkoakoa jokatzen ere gustura aritzen gara.
Lau urte barru jokatuko al duzu Mundukoan?
Nahiko lan, urte batzuk ere baditut eta, 35.
Eta aurretik, egon al zara?
Beste behin, Mexikon, 2006an. Juxtu orduantxe hasi nintzen trinketean eta kristoren suertea izan nuen.
Zer moduz ibili zineten?
Ondo, desberdina izan zen; han, libre ibiltzen ginen zer edo zer ikusteko. Zilarra lortu genuen banaka, baina Unai Alvarez hernaniarrak jokatu zuen. Bere ordezkoa izan nintzen ni. Mexiko hiriburuan jokatu zen, ikaragarria da. Kontuz ibiltzeko modukoa. Esan ziguten Mexiko DF eta inguruan 30 milioi bizi direla.
Asko bidaiatu al duzu pilotari esker?
Mexikon egon nintzen eta duela bi urte Kopan Kuban. Ez da gutxi. Behin jokatu beharra izanez gero, hobe urrutian bada. Bidaiaren bat egin, ondoren egun batzuetan han gelditu,...
Pilota ez da kirol olinpikoa, izan beharko al litzake?
Nik nahi bai, baina egia esan, ez dago zabalduta, eta ez dakit merezi duen. Leku batzuetan, Argentinan edo Venezuelan, adibidez, saiatzen dira, baina ezin dute mailarik hartu, elkarren artean bakarrik aritzen direlako. Harrigarria da mexikarrek, bakarrik ibilita, zein maila daukaten, oso onak dira.
Zergatik ari zara trinketean?
Pilota ia utzita nuen, baina berriz hasi nintzen herri artekoan jokatzeko deitu zidatelako. Bat behar zuten. Kostata hasi nintzen eta trinketean probatzeko esan zidaten gero. Afizioz aritzen garenez, probatu eta ondo joan zitzaidan.
Pilotak zera dauka, asko kostatzen dela hastea, eskuengatik,... Eta orain ez daukat uzteko inolako asmorik, ezin dudan arte segitu beharra dago. Hemen inguruan jokatzen, baina segi.
Eta frontoi normalean ere aritzen al zara?
Zer edo zer bai. Trinketean sartuta zaudenean trinketari ematen diozu garrantzia gehiago, baina txapelketaren batean,... tokatzen dena.
Herri artekoan Lasarte-Oriarekin aterako al zara?
Ezin dut, Donostian erroldatua nago eta ez daukat jokatzerik. Han badira beste batzuk eta ez dut gehiegi muturra sartzen.
Noiztik zara pilotari trinketean?
Trinketean, Mexikora joan aurretik, duela bost bat urte hasi nintzen. Hasi eta segituan aukeratu ninduten. Gipuzkoako finala jokatzeko sailkatu nintzen juxtu Unai Alvarezen aurka. Hautatzailea Unai ikustera joan zen, kasualitatez irabazi egin nion eta oso kolpetik etorri zen dena.
2006an jada txapeldun izan zinen beraz Alvarez-en aurka...
Bai.
Zein izan da trinketean zure lorpenik handiena?
Egian esan gehiegi ez dugu lortu, Gipuzkoako txapelketa behin baino gehiagotan irabazi dut. Gero GRAVN eta Euskal Herrikora joaten gara eta kosta egiten zaigu, ez dugu gure maila ematen.
Zein izan da trinketean zure etsairik gogorrena?
Unai Alvarez hernaniarra bera. Haren aurka ibiltzen naiz gehiena. Bai hura da, jartzen denean, hemen inguruan onena. Orain utzia dauka.
Beste zein zaletasun dituzu?
Mendia gustatzen zait dezente. Orain nahi baino gutxiago joaten gara. Batez ere, Pirinioetara, eta Alpetara ere bidaia pare bat egin ditut. Eskalatzen ere aritzen naiz. Lehen dezente eta orain aldian behin.
Lanean igeltsero aritzen naiz, baina aspaldian lanik gabe nabil.