Gobernu taldeak gai garrantzitsuenak aurrera atera ditu

Txintxarri Aldizkaria 2010ko aza. 11a, 01:00

Lasarte-Oriako Udalak gaur burutu duen Batzarrean, puntu garrantzitsuenak aurrera atera ditu Gobernu taldeak, 2011. urteko Udal zerga eta tasak aldatzeko espedientea, kredituak aldatzeko dossierra, Michelingo ibai ondoko lurrak eremu industriala bihurtzeko arauaren aldaketa eta Urgolf enpresarekin Udalak duen hirigintza-hitzarmenaren aldaketa.
Honela, 2011. urtean Udalaren zergak %2,3 igoko dira eta tasak estalduraren arabera mantendu edo igoko.
Gainera, Udalak 3 milioiko kreditua eskatuko du, Udaletxe berriko, Jaizkibel plazako eta Helduen Hezkuntzako egoitza berriko lanak aurrera eramateko.
Bestalde, 2006. urtean Udalak eta Urgolf enpresak sinatutako hitzarmenaren aldaketa egin da. Honen bitartez, Urgolf enpresa Okendo eremuko lanak 2011eko apirilean bukatzeko konpromisoa hartu du.

Beste puntuak

Hauetaz gain, 2010 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dossieren berri ematea egin da.
Udaleko ondasun eta eskubideen 2009ko inbentarioan egindako aldakuntzak eta 2009ko ekitaldiko aurrekontuaren kontu orokorraren dossierra onetsi dira.
Batzar horretan Lasarte-Orian Babes Publikoko Etxebizitzen erregimena arautzeko ordenantzan aldaketa batzuk egitea ere onartu da. Honela, hemendik aurrera BOEko onuradunak eta haien etxebizitzak zozketa bakarrean erabakiko dira. Gainera, onuradun izanez gero, etxebizitza bi alditan ukatu ahalko da.
Kontagailua daukaten auto pribatuen ordenantza eta taxien 2011ko hiri barruko tarifak ere ontzat eman ditu Batzarrak, baita herritarren elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera eta garbiketa arautzeko egin den ordenantza ere.
Mozioak eztabaidatzen hasi baino lehen, Zabaleta-Berriko Mirentxu eneko jabekideek jarritako alegazioa ebatzi da eta eremu horretako plan partzialaren estudioari baiezkoa eman zaio. Eta soldata murrizteko proposamena onetsi da.

Mozioak

Hainbat izan ziren mozioen bidez, Udalbatzarrean jorratu diren gaiak.
Batetik Gobernu taldeak 2011eko aurrekontua eta Plan ekonomiko-finantzarioa aurkezteko eskaera egin du EAJk, baina ez zen aurrera atera Gobernu taldeak hauek egiteko asmoa duela adierazi baitu.
PSE-EEK Gizarte-Zerbitzuen Euskal Legeak betetzeko ebazpen proposamena ere egin da. Honen ondorioz, Lasarte-Oriako Udalak Foru Aldundiari dagokion Atsobakarreko zahar egoitzako kudeaketa erantzukizuna beregain hartzeko eta zerbitzu horregatik Udalak duen defizita ordaintzea.
Era berean, alderdi sozialistak Lasarte-Oriako auzoak eta Ospitaleak lotuko dituen autobusaren proiektua aintzat hartzeko eskaera aurrea atera da, Ezker Abertzaleko eranskin batekin, Institutu edo baskula aurrean geltoki bat ezartzea.
Ohizko mozioez gain, larrialdiko batzuk ere egon dira.
Saharako egoera gaitzestea eta hurrengo egunetan egingo diren ekimenetan partea hartzea adostu dute talde guztiek, baita azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren aurkako deklarazioko testua ere.
Bestalde, atzera bota dira EBk aurkeztutako Donostialdeko Lurraldeko Plan Partzialaren alegazioa egiteko eta Estatuak udalen defizita murrizteko egin duen legearen aurkako mozioak, baita EAJk Eusko Jaurlaritzari Gizarte Larrialdietarako Laguntzen baldintzak betetzeko egin nahi zion eskaera ere.

Galderak eta eskaerak

Udalbatzar luzeari amaiera emateko, Ezker abertzaleko zinegotziek bi galdera egin dizkiote alkateari, bata Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jangela eta haur eskolaren eskumenen negoziaketen berri emateko eta bestea, Udalak egin behar zuen diru laguntzen araudiari buruz.
Diru laguntzei dagokionez, alkateak idazkariaren eta kontu hartzailearekin batu behar dela aipatu du, biek dituzten proposamenak aztertu eta bat aukeratzeko.
Bestalde, Hezkuntza sailekoekin negoziaketak ongi doazela eta hurrengo ikasturterako jangelako kudeaketa jaurlaritzaren eskuetan egongo dela aurreratu du, baita haur eskolaren kasuan eraikuntza aztertu eta horren ostean Jaurlaritzak erabakiko duela ere.