Betibizi loreak Oroimenaren Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2010ko aza. 12a, 01:00

Asteazkenean, hilaren 10ean, Memoriaren Eguna ospatu zen erakunde ezberdinetan. Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek adostutako testua irakurri zen erakunde hauetan egin ziren ekitaldietan. Dena den, tokiaren arabera zentzu ezberdina hartu zuten omenaldiek. Instituzio batzuetan indarkeriak eragindako biktima guztiak oroitu ziren, eta beste kasu batzuetan bakarrik ETAk eragindakoak. Lasarte-Oriaren kasuan, aipatu ziren biktima bakarrak ETAk eragindakoak izan ziren.
Goizeko 11:30etan hasi zen ekitaldian PSE-EEko 8 zinegotziak, LOHP, PP eta EAJko zinegotzi bat izan ziren.
EB-Berdeak proposamenaren alde bozkatu zuen arren, zinegotziak ez zuen ekitaldian parte hartu. Ezker Abertzalekoek testuaren aurkako jarrera adierazi zuten bozketan eta ez ziren, noski, ekitaldian egon.

Proposamena

Irailaren 9an burutu zen batzarrean eztabaidatu eta onartu zen proposamenaren arabera, Euskadiko erakunde guztiek, terrorismoak eragindako biktima guztiak, oroituko zituen, salbuespenik gabe, azaroaren 10ean.
Udal batzar hartan onartu zen testuan aipatzen zen, gaur egun beldurra sortarazten duen talde armatu bakarra ETA bada ere, beste taldeek eragindakoak ere errekonozimendu berdina merezi dutela. Iraganeko kontuak badira ere, ahazteko ez direla adierazten zen Foru Aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek adostutako testuan.

Biktimak presente

Lasarte-Oriako Udaletxean burutu zen ekitaldian indarkeriaren biktimen senideek ere parte hartu zuten: Kati Romero, Alfonso Morcilloren alargunak, eta Jesusa Ibarrola, Begoña Urrozen amak.
Testu irakurketaren ondoren, udaletxearen atarian dagoen biktimak oroitzeko plakan betilore-sorta bat jarri zen. Lore eskaintzaren ondoren 15 minutuko isilunearekin eman zitzaion amaiera 12:00etan ekitaldiari.