Herriarentzat... baina herriarekin kontatu gabe?

pablo-barrio 2010eko azaroaren 12a

Kultur etxeko programazioaz ari naiz. Antzerki eta dantza programazioaz zehazki, nahiz eta beste esparruetan gogoeta antzekoa izan.
Astelehen honetako Txintxarri postontzitik hartu eta larunbatean Nats Nus dantza garaikideko taldeak eskainitako emanaldiaren berri ematen da lehenengo orrialdean: "Herriko heldu zein haurrek ederki gozatu zuten...". Ondo, herriko heldu zein haurrek... bai, baina, zenbat? Ejem, 20 edo esan didate niri, 30 agian. Berdin zait. Gutxi. Jende gutxi. Lan ona egin zuten. Baina jende gutxi. Eta kontuz, ez naiz ni ekitaldi baten arrakasta ikusle edota txalo kopuruen arabera neurtzen duen horietakoa, e! Ezta gutxiagorik ere. Badaude parametro egokiagoak. Utzitako arrastoa, adibidez.
Kontua da ehunka "heldu zein haur" ari direla dantza garaikidea egiten Lasarten, teorian horrelako emanaldien onuradun zuzenak direnak; badago, gainera, lan hori aurrera eramaten duen talde bat... Bada, inor ez da horiekin harremanetan jarri ez programazioaz hitz egiteko ez, behin programazioa eginda, horiek erakartzeko. Nats Nus-ekoak, martiztarrak balira bezala, etorri, berea ondo egin eta agur. Diru bat gastatu da eta utzitako arrastoa hutsaren hurrengoa da.
Galdera da, zer da programatzea? Emanaldiak ematea? Hori bakarrik? Ze irizpideekin? Zaleak sortze aldera, arrasto utzi aldera, mila gauza egin daitezke emanaldi baten bueltan. Zergatik ez da bilatzen herriko taldeen lankidetza?