Jendea patinatzen ikustean inbidia sortarazi, eta horrek eragin zuen Iñigo Suberbiola lasarteoriatarra patinajearen munduan sartzera. Probatu, gustatu, eta orain talde batean dihardu, Donostiaroller-en hain zuzen ere. Taldearen informazioa www.donostiroller.com web atarian eskuratu daiteke. Gu Suberbiolarekin bildu gara kirol honetan egin duen ibilbidea ezagutzeko.
Nolatan hasi zinen patinajean?
Inbidiagatik sartu nintzen, jendea patinatzen ikusten nuen eta pila bat gustatzen zitzaidan. Lotsa galdu, patinak erosi, galtza batzuk apurtu... eta nire kabuz hasi nintzen ikasten, kalean. Gero anairekin joaten nintzen, eta elkar animatzen genuen. Gozatzen hasi nintzen, eta kalean, Donostian, patinajean ibiltzen zen jende gehiago ezagutu genuen. Elkartu eta orain dela hiruzpalau urte Donostiroller sortu genuen.
Zer da ba Donostiroller?
Foro bat izan da, guztientzat irekia. Gauzak idatzi, elkar konpartitu, argazkiak partekatu, karrerak non diren jakinarazi... eta hilabete honetan asoziazio bihurtu da. Honi esker, dauden karrera ezberdinak ezagutzen hasi ginen orain dela hiru urte.
Parte hartu genuen lehenengoa Landatako trabesia izan zen: 200 kilometro asteburu batean, larunbata eta igandean. Oso ondo antolatutako proba da. Etapaka egiten da eta 20km-ko etenaldi bat dauka, jateko, edateko... Lotarako kanping-a hartzen dute eta nekatuta sentitzen bazara edozein momentutan anbulantziara igo eta helmugara eramaten zaituzte.
Berria izango zen dena zuentzat, ezta?
Hor ikusi genuen lehendabiziko aldiz patin zaharrekin jendea, eta gu baino azkarrago ibiltzen zirela. Beste itxura bat zeukatela patinatzen, beste era bat. Eta horrek beste modu batean entrenatzeko bidea ireki zigun.
Zein bide?
Profesional ibilitako Nicolas Alonso, patinajearen teknikak erakusten hasi zitzaigun, berak entrenatzen gintuen. Gure irakaslea aurreko hilabetean bigarren geratu zen Espaina mailan 30 urtetik gorakoetan.
Patin berriak erosi genituen eta orduan hasi ginen karrera txikietan parte hartzen; Lourdesen, Iruñean...
Zertan datza entrenamenduak?
Orain dela gutxi Zubietako bidean hasi gara, eta bestela ere, igandetan Portuetxe inguruan ibiltzen gara. Asfalto dezente eta trafiko gutxi duen leua behar dugu. Ekipo profesionalek pista partikularrak, itxiak dituzte, baina guk ez.
Pasa den urtean Nicolasekin hasi ginenean, orain bota egin duten frontoi bat alokatzen hasi ginen Trintxerpen; Giratzen, indarra neurtzen, kurbak aprobetxatzen... erakusten hasi zitzaigun astean behin .
Orain Nicolas-ek eskola bat ireki du, saskibaloia, futbola eta beste eskolaz kanpoko jarduerak bezala, patinajea ere sartzeko.
Eta ikasitakoa aprobetxatuz, aurten Le Mans-era?
Esperientzia berria izan da niretzako Le Mans-eko 24 orduetan parte hartzea. Nirekin batera beste lasarteoriatar bat egon zen.
Zertan datza probak?
Ekipoka korritzen den proba bat da, erreleboka, eta 24 orduan ez da gelditzen. 3.000 pertsonak, 600 ekipo inguruk, parte hartzen du. Momentuan, elkarrekin, 600 patinatzaile daude parte hartzen, eta beste 600 erreleboa itxoiten. Oso ondo antolatutako proba da.
Ibilbidea nahiko erraza da oro har, autoentzako zabalera dauka, salto onak... eta hori guretzako garrantzitsua da. Gogorrena hasieran da, abiatu eta kilometro erdiko igoera bat. Autoarekin ez da nabaritzen, baina guk bai. Zirkuito goxoa da.
Gauez ere patinatzen al duzue?
Bai, bai. Ni gaueko 4etan lesionatu nintzen.
Pena handia hartuko zenuen
Bai. Gainera proba sanpedroekin batera egin zen eta dudatan ibili nintzen joan ala ez joan. Joatea erabaki eta lesionatu! Oraindik hanketako minarekin nabil gainera.
Eta nola bukatu zenuten?
Ba egia esan oso ondo. Parte hartutako 600 ekipoetatik 27.ak geratu gara.
Postu onean eta gainera oso ondo pasa genuen. Patinatzen duzu pixka bat, gero deskantsatu eta erreleboa tokatzen zaizunean, berriro martxari ekiten diozu.
Aurten Behobia-Donostian parte hartuko duzu, ezta?
Donostiaroll taldekoak bost urtez borrokan ibili eta gero, azkenean aurten patinatzaileak maratoi erdiko proba honetan egongo gara.
125 patinatzaile izango gara orotara, kopurua mugatu egin bait dute funtzionamendua ikusteko.
Gurpildun aulkien ondoren, eta korrikalarien aurretik aterako gara.+
Inbidiagatik sartu eta mundu honetan geratu zara...
Kirol honek harrapatu egiten zaitu. Gainera, egunero zerbait ikasten duzu. Eta probetan parte hartzen askoz gehiago. Kirol polita da.