Sari hau emateko ideia aspaldian zegoen elkartearen asmoetan eta iaz forma hartu zuen lehenengoz.
Helburua, euskara edo euskal kulturaren munduan zerbait berezia egin dutenei errekonozimentua adieraztea da.
“Euskal kulturaren aldeko lan ixila egin duten jendeari omenaldia egin nahi diegu,” azpimarratu dute Ttakun sarien antolatzaileek.
Horregatik, hasiera berezia izateko iaz, Jon Lasa musikaria izan zen omendua.
Ttakunkidetza
Honetaz gain, Ttakun Sariak ekimena elkarteko bazkideekin urtean behin zita egiteko aitzaki aparta bilakatu da.
Garai batean, afariren bat egiten zuten, noizean behin bazkideek elkarren berri izateko. Egun, ez dira hainbeste egiten, eta zita hori berreskuratzeko nahiarekin "eta Ttakunkide izatearen erreafirmatze hori berreskuratzeko otu zitzaigun ideia" adierazi dute antolatzaileek.
Duela bi urte Euskararen Maratoia ospatu zen herrian, eta herritar orok izan zuen aukera gutxienez 40 ordu euskaraz bizitzeko.
Baina, Maratoia lau urtez behin ospatzen denez, tarte horretan, berriro biltzeko zitak antolatzea eta jendeari maratoi txikiak egin behar direla gogoratzea da asmoa.
Maratoiaren aita saritua
Ttakunzaleen afaria egiteko helburuarekin batera, euskararen munduan urtetan zehar zerbait espeziala egin duen pertsona omendu eta nabarmenduko da.
Eta arestian Euskararen maratoia aipatu dugunez, aurtengo saritua jaialdi horren sorreran zerikusi handia duen pertsona dela aurreratu dute, Agus Mujika, Takolo, hain zuzen ere.
“Ttakun sortu baino lehen euskararen alde lan asko egin zuen Agusek. Maratoiaren aita da eta honetan ia edizio guztietan parte hartu du. Lasarte-Oriako euskara taldearen bultzatzaileetariko bat da, herriko pailazoen sortzaile, baita euskal girotze barnetegien sustatzaileetariko bat ere” azaldu digute Ttakun sariko antolatzaileek.
Lasarte-Oriako estiloa
Lasarte-Oriak badu gauzak ospatzeko estilo berezia, eta horren arabera antolatuko da Ttakun Sarien ingurukoa.
"Herrian artista asko dago, lotsagabe asko, baita oholtza asko gustatzen zaien horietakoak. Maratoian sortzen den afal osteko giroa sortzea dugu asmoa eta lortuko dugula uste dugu" diote Ttakuneko arduradunek.
Jaialdia
Lehenengo edizioa, Txitxardin Beltxa jatetxean egin bazen ere, aurten Goiegi jatetxean izango da hitzordua, azaroaren 27an, 20:30etik aurrera.
Afari paregabea dastatu eta gero, omenaldia egingo du Ttakun kultur elkarteak.
Ostean, show paregabea ikusiko dute jatetxera hurbildutakoek eta nola ez, gauzak ezin hobeto amaitzeko, aurten karaokea izango da guztientzat.
Aukera ederra dute Lasarte-Oriako herritarrek, Ttakuneko bazkide direnek eta ez direnek, denak elkarrekin, euskaraz ondo pasatzeko eta euskal kulturak eskaintzen dituen aukeretaz disfrutatzeko.
Txartelak
Sari berezi hauetako afarirako txartela eskuratu nahi dutenek, Ttakun elkarteko egoitzara, Geltoki kaleko 4 zenbakira hurbildu behar dira.
Helduentzako menua 30 eurotan eta 16 urte artekoena, 17 eurotan eskuragarri izango dira.
Sarrerak jada salgai daude beraz Ttakunen bulegoan. Erosteko epea azaroaren 24ra arte izango dute irekita.