Zorionak, Urtzi, 81 kilorekin, 165,5eko harria altxa duzu, ikaragarria ezta?
Bai, nire pisuaren doble eta lau kilo gehiagoko harria da.
Espero zenuen lana zen ala uste baino hobeto aritu zinen?
Egia esango dut. Gure asmoa, aurrena, bat jasotzekoa zen. Eta bat jasoz gero, beste pare bati heldu. Baina ez nuen uste horren erraz aterako nuenik.
Gakoa beraz lehenengoa ondo altxatzea izan zen?
Bai, uste baino errazago atera nuen belaunetara, gero pazientziaz ondo ekartzen nuen petxoaren kontra, besteek baino hobeto, eta bi kolperekin erraz dominatzen nuen.
Hamar minutuan bost aldiz altxa eta bigarren, Izeta anaien aurretik. Ezustekoa, ezta?
Bai, Izeta II-ari kentzea izan zen sorpresarik handiena. Bueno berdinketa izan zen. Guk laugarrena jaso genuenean, aitak esan zidan "seigarrena ere bai", osaba larritu zen, eta nik ere esan nion bat aseguratzea hobe genuela, bat ondo jaso jende aurrean, itxura ona emanez, bi juxtuan baino eta ondo atera zen.
Kritikak oso onak jaso dituzu?
Bai, bastante goian jarri naute.
Nola hartu dituzu kritikok?
Ondo, baina pentsatzen dut bestelakoak ere izango direla. Harri horrekin behin baino gehiagotan aritu naizela eta denetik adituko dut...
Egia esango dizuet. Nik egun horretan bakarrik ibili dut harri hori. Lehen uzten zuten entrenatzen harriarekin, baina 2007. urteko bilera batean (ni han nintzen) galarazi egin zen. Beraz aurreneko urtez parte hartzen genuenok batere entrenatu gabe atera gara.
Lehenengo aldiz heldu zenion igandean harriari, beraz?
Lehenengo aldiz, eta plazan, jende aurrean.
Joseba Ostolaza txapeldunari berari baino laudorio gehiago egin dizkizute...
Bai, amak grabatu zidan bideoa eta gaizki ibili zen Ostolaza, nahiko juxtu. Aita eta biok esan genion elkarri, zer pasatuko ote zen beste pare bat gehiago jaso banitu. Josebak sei jaso behar zituen txapela janzteko eta nik uste oso nerbioso aritu zela. Zortzi jaso behar balitu, igual ez zituen jasoko. Seigarrena jaso zuenean orduantxe lasaitu zen bera, eta beste bi altxaldiak lasaiago eman zituen.
Zuk hurrengo urteetan marka hobetzeko esperantzarik izango duzu, noski?
Bai ea hurrengoan hobetzea dagoen. Nire burua ikusi nuen bezala uste dut gehiago egitea badaukala. Orain, zenbat ez dakit. Gero ikusiko da.
Zer prestatzen ari zara orain?
Igande honetan Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa, 200 kiloko rektangularra, 175eko zilindroa,150eko kubikoa eta 125eko bolarekin.
Zer esperantza daukazu? Prestatuta al zaude?
Txapelketa polit bat egitera noa, harri denekin txukun aritzera, 200 kilokoa jende aurrean aurreneko aldiz jasotzera.
Zure errekorra izango da hori?
Bai, plazan jasotzen badut errekorra. Orain 185ean daukat. Handia izango litzateke, denboraldiari bukaera borobila emateko. Gero azaroaren 28an iaz hil zen Mendizabal aizkolariaren omenaldira ere 200 kilokoa jasotzera joango naiz.
Etxean irakasle eta prestatzaile onak dituzu ezta?
Bai, aitarekin aritu naiz entrenatzen Euskal Herriko Txapelketarako. Amezketakoari ez diogu aparteko garrantzirik eman. Gutxi gorabehera, bai baterako eta bai besterako karga handiko harriak erabili behar nituen eta orduan, entrenamendu bat bestearentzat ondo etorri zait.