2011ko zergak onartu ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko azaroaren 12a

Datorren urteko udal zerga eta tasen onarpena izan zen atzo Udaletxeko Batzar aretoan burutu zen Lasarte-Oriako Udal Batzarraren bilkuraren erabaki azpimarragarriena. Batzar luzea izan zen hainbat gai jorratu baitziren.
PSE-EE, H1!, EAJ eta LOHP alderdien aldeko botoek ahalbideratu zuen 2011 urterako ordenantzen aldaketen espedientearen onespena. Ezker abertzaleak aurka bozkatu zuen eta PP eta EB abstenitu egin ziren.
PPko bozeramailearen ustez, gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta, ordenantzen proposamena zerga eta tasen mantentzea edo jaitsiera izan beharko luke.
Era honetara, 2011an herritarrek ordaindu behar dituzten zergak KPIaren arabera igoko dira, hau da, %2,3 eta zerbitzuen tasak estalduraren arabera mantendu edo igoko dira. Uraren tasa, esate baterako, mantendu egingo da.

Emendakinak

Ordenantza osoen bozka baino lehen, Udal batzarrak hogei bat emendakin partzial eztabaidatu zituen eta horietako bat ere ez zen onartu.
Hala ere, Lasarte-Oriako alkateak Jesus Zaballosek prentsari azaldu dionez, Ekonomia, Ogasuna, Ondarea eta Kontu Berezietako batzordean oposizioko alderdien hainbat emendakin onartu ziren aurkeztu ziren 36etatik, eta ordenantzen barne egongo dira.

Zaborra

Honela, zaborra %10a igoko da. PSE-EEk eta EAJk tasa honen igoera eskatu zuten. Gobernuan dagoen taldeak %6a eta alderdi jeltzaleak %10. “Azkenean, %10 onetsi genuen. 2009ko estaldura %66koa zen eta aurten arazoa izan dugu San Markorekin, beraz estaldura hori berreskuratzeko tasa igo behar izan dugu,” azaldu zuen alkateak.
Puntu honetan oso kritiko agertu ziren bai Ezker Abertzalea baita Ezker Batua ere ordenantzen bozka azalpenean. Ezker Abertzaleari deigarri egin zitzaion Gobernu taldeak eta EAJk aurkeztutako bi proposamenak jakinda, Batzarrak igoera handiena onestea. Ehuneko horrekin herria mehatxupean duen munstroa, hau da, errauskailua eraikitzeko erabiliko den edo ez galdetu zuten.
Ezker Batuak tasa igoera hori azterketarik egin gabe egitea salatu zuen eta Gobernu taldearen proposamena ez denean, gainera. “Tasa honen igoera, Mankomunitatean emango diren koste igoerekin zer ikusia du,” aipatu zuen Rikardo Ortegak. Era berean, Gipuzkoako Partzuergoaren tarifa Lasarte-Orian ezarri dela eta hau errauskailuaren eraikuntzan erabiliko dela azpimarratu zuen.
EBko zinegotziak, hondakinen legearen arabera herrian hondakin organikoa bildu beharko litzakeela gogoratu zuen eta herriko PSE-EEri nahiz eta Zubietan errauskailurik ez pankarta jarria izan arren, horren aurkako ekimenik edo pausurik egin ez izana leporatu zien.

Beste aldaketak

Bestalde, EB alderdiari esker, igogailuen lizentziaren %90aren onuradun izango dira, lizentzia eskatzen den etxebizitzan minusbaliotasuna duen bizikiderik badago, baita 70 urte baino gehiago dituen pertsona bat badago ere.
Era berean, LOHP eta PSE-EEk bat egin zuten, familiari dagozkion bi puntuetan. Batetik, hobaria izango dute bi edo hiru seme-alaba haur eskolan, jangelan edo musika eskolan matrikulatuta dituzten familiak. “Orain arte, zerbitzu hauetako batean bi edo hiru seme-alaba zituzten familiak ziren onuradunak. Hurrengo urtean, horietako edozeinetan bi edo hiru seme-alaba dituztenak izango dira” aipatu zuen Zaballosek.
Bestetik, familia ugariek %30 beherapena izango dute haur eskola eta jangelako tasan.
Honetaz gain, LOHP eta EBren bi emendakin bateratu zirela adierazi zuen alkateak eta alderdi guztien onespena izan dutela.
“Honi esker, langabetuak %10ren beherapena izango dute Gazte txartelak eragina duen zerbitzu beretan. Horren kudeaketa nola egin aztertu behar dugu eta Lanbiderekin hitz egin behar dugu langabetuei zein txartela emango dien jakiteko. Hori guztia izatean, txartel hori eta NAN aurkeztuz baliatuko dira beherapenaz,” azpimarratu zuen.