Bost urte daramatza Verdini Dantza Taldean, 12 urte zituenean hasi zen eta orain 17 dauzka. Aurretik ez zuen Nerea Astarbek dantza ezagutzen, Verdini taldean hasi zen dantza garaikidea egiten eta ordutik, 2005etik taldeak sortu dituen hiru emankizunetan parte hartu du: "Ilunpetik" lanean hasi zen, "Argira" izenekoan dantza egin eta panderoa jotzen zuen, eta "Dantzaria naiz" da beraien azken lana.
2000. urtean talde sortu zenetik zazpigarren ikuskizuna da eta Nerea Astarberentzat hirugarrena. Victoria Eugenia antzokian estreinatu zuten urriaren 2an, ondoren, Dax hiri frantsesean izan ziren, aurreko larunbatean Amurrion eta ostiralean Lasarte-Orian eskainiko dute "Dantzaria naiz" arratsaldeko 8etan kultur etxean.
"Uste dut jende asko joango dela ikustera" esan digu Nereak berak. Jose Luis Astarbe eta Maite Mur gurasoek joateak merezi duela uste dute: "Jendeak ez du imajinatzen zer den, zer dantza klase egiten duten”. Eurek ez dute zalantzarik, "ikuskizun ederra da, hunkigarria".
Maite Murrek kontatu digunez, "ikusle asko negar malkotan ateratzen dira, "ez nuen uste horrelakoa izango zenik" esanaz. "Neskato hauek zer egingo ote dute" pentsatzen dute, hori daukate ikusleek buruan eta ikuskizun oso polita da, ikusi eta gero harritu egiten dira".
Lan bikaina
Jose Luis Astarbek ere bihotzera iristen den lana dela uste du: "Ikusi egin behar da. Esan dezakegu oso polita egin dutela, baina ikusi gabe ezin jakin nolako espektakuloa den. Lan asko dago. Jendea ez da konturatzen. Asko gustatzen zait eta ez aita naizelako". Ismael Yaguek sortu duen musika zuzenean jotzen dute, gehienak euskal kantak dira, "Ikusi nuenean", Mikel Laboaren "Haika Mutil",... eta horrek, Astarberen ustez, oraindik hunkigarriagoa egiten du.
"Gero eta zailago jartzen diete" esan digu aitak. “Hirugarren lan honetan denek elkarrekin, koordinatuta, egingo dute dantza. Lehen nork bere kasa egiten zuen eta denak batera egiteko teknika gehiago behar dute orain. Ikuskizun polita sortu dute". Izan ere proiektuaren helburuetako bat euren garapen pertsonala da.
Jatorriz errenteriarra den Maite Mur-ek azaldu digu "Dantzaria naiz" ikuskizunean aldarrikapenak toki handia duela, izenburutik hasita. "Dantza klase bat irudikatzen dute, okerrak zuzendu egiten ditu irakasleak, eta hobetzen joango dira".
"Beraientzat hau auto-estimaren bultzada handia da. Jendeak beraien lana baloratzea handia da beraientzat. Ona da lotsak ere gainditzen dituztelako. Nerea oso lotsatia da, eta beraz adibidez Victoria Eugenian aterata muga eta oztopo asko apurtzen ari da" esan digu Maite Murrek. Jose Luis Artarbe ere oso pozik dago "dantzan nola dabilen eta zer gauza egiten dituzten ikusita, benetan zoratuta nago. Beragatik batez ere. Mundu berri bat da, telebistan edo prentsan ateratzen dira, jende aurrean dantza egiten dute, beti elkarrekin daude, bere lagun koadrila da,... Pox handia ematen dio eta bera pozik ikusteak gu pozten gaitu. Garrantzitsua da hori".
Integrazioa
2000. urtean Isabel Verdinik sortu zuenetik, taldearen beste asmoa urritasuna duten pertsona hauek gizartean naturaltasunez txertatzen laguntzea da. Hamar urtetan esperientzia handia bildu dute zeregin horretan eta Isabel Verdinik berak adierazi du taldea profesional bihurtzea dutela orain helburu. Astarberen ustez, "Dantzaria Naiz izena horixe aldarrikatzeko jarri diote. Kapaz direla erakusteko”.
Erantzun ona jaso dute urte hauetan, sari eta emanaldi arrakastatsuak hainbat lekutan, besteak beste ONCEren Elkartasunaren Saria 2006an, eta Donostiako Herritarraren meritua saritzen duen domina 2008an. Euskal Herriko antzoki entzutetsuenetan izan dira behin baino gehiagotan, Biarritzen, Bilboko Euskaldunan, Donostiako Victoria Eugenian,... eta Euskal Herritik kanpo ere bai.
Alex Tetuan-ek ere hurbiletik ezagutzen du Down Sindromea duten pertsonen proble- matika. Oro har, pozik dira azken urteotan pertsona hauen integraziorako pausuak ematen ari direlako. Estreinaldian ikusi zuen Verdini taldekoen lana, eta bere ustez, "bi hitzetan, ezusteko atsegina da ikuskizuna, hunkigarria". "Bizitza osoa pasa dezakezu besteak sentsibilizatzen, baina gizartea daukaguna da eta beraz benetako pausuak horrelakoak dira. Urrats handiena da gaur egun pertsona hauek bisibleak direla, garai batean etxean egoten ziren ia atera gabe. Eskolatzea, integratzea, elkar bizitza,... ezinezkoak ziren orduan. Hor urrats handiak eman dira".