Nikaragua eta Costa Rican non ibili zineten zehazki?
Eremu horretako Atlantiar kostaldea egitea zen gure ideia eta hiriburuetan beharrezkoa zena bakarrik egotea.
Bost aste genituen eta denbora ematen ziguna egiteko asmoa. Azkenean, Nikaragua eta Honduraseko mugara iritsi ginen.
Eremu hori ezagutzen genuen aurretik. Nikaragua asko ezagutzen dugu. Costa Rica ere zerbait ezagutzen nuen nik.
Baina atlantiar kosta hori ez genuen ezagutzen eta beste mundu bat da.
Zergatik diozu hori?
Hori ez da Costa Rica, ez da Nikaragua, beste mundu bat da. Beste idiosinkrasia bat dute. Bestelakoak direla kontsideratzen dira.
Izan ere, Karibeko kostalde horretan jende beltz ugari dago. Garai batean Jamaikatik ekarritako beltzen ondorengoak dira eta hizkuntza desberdina dute, ingelesek okupatu zuten eremu hori eta patua hitz egiten dute, ingelesa eta haien hizkuntzaren nahasketa bat.
Oso desberdina da kulturan ere. Musikari dagokionez, oso musika desberdinak dituzte calipsoa, reggae propioa daukate... Oso bizitza desberdina da. Bizitzeko era ere oso desberdina da.
Kulturalki bakarrik?
Nikaraguaren kasuan politikoki ere desberdina da. Bi probintzia autonomo dituzte, partidu politiko desberdinak, etnia desberdinak.
Beraiek ez dira beste nikaraguarrak bezala; beltzak, mestizoak eta indigenak dira eta besteei, "txuriak" deitzen diete.
Gainera, Nikaraguan sandinistekin topatu gara, herria nola dagoen ikusi dugu, nola arnas hartzen duen talde politikoak eta herriak gauzak nola ikusten dituen jakin. Horrek, aukera eman digu orain dela urte askotako gauzak gogoratzeko.
Indigenez ari zarenez, zein da haien egoera?
Indigenak teorikoki asimilatuak daude sisteman. Badaude talde batzuk exoturismotik bizi direnak, Bluefilds ondoan, oso talde txikia.
Besteak, nahiko asimilatuak daude. Hizkuntza mantentzen dute, baina eskolatan ez dute lantzen, musika ere badute.
Guk iparraldeko taldeekin harremana izan genuen. Inguru hori guztia, Nikaraguako iparraldea eta Honduraseko hegoaldea mizkitoen eremua da.
Horiek hizkuntza propioa dute eta bizitza propioa, baina ez daude garatuak. Nahiko jota daude, eremua kaltetua da alkohola, drogak...
Hala ere, politika arloan, partido politiko potentea dute eta momentu honetan, iparraldeko erregioan gobernuan daude sandinistekin batera.
Patua edo mizkitoen hizkuntza aipatu dituzu, zailtasunik al dago bertakoekin harremanetan jartzeko?
Ez da horrelakorik gertatzen, gaztelera hitz egiten dute.
Horregatik bidaiatzen dugu hainbeste hara. Izan ere, hizkuntza arazorik ez egotea ere garrantzitsua da, haiekin egoteko aukera ematen baitizu.
Nola moldatu zarete bertan batetik bestera joateko?
Denbora guztia pasa dugu bustita, batetik bertako jendearen itsasontzietan eta txalupetan ibili garelako eta bestetik euri asko egiten zuelako.
Leku hezea da. Ibiltzeko eta mugitzeko nahiko zaila da.
Gu hemen mapak begiratu eta errepiderik ez zegoela ikusten genuen. Baina modurik egongo zela uste genuen.
Beraz, txalupetan...
Bai. Oso gustura ibili ginen eta denbora genuenez. Herrixkatik herrixkara ibili gara, beraiek erabiltzen dituzten garraioetan.
Beraz, moldatu behar ginen, “txalupa bat ateratzen da hemendik bi egunera”. Egunean hara joan eta hurrengo herrixkan, “hiru egunera arte ez da bat ateratzen” eta bertan egoten ginen.
Guk ez dugu ezer eskatzen eta beraiek guri ere ez. Bidai batean, lau edo bost ordukoa, ez daukagu ezer eginik eta lasaitasun horrek aukera ematen du haiekin egoteko.
Lasaitasunez, beraz...
Guri mantso ibiltzea gustatzen zaigu. Lekua gustatzen zaigula, denbora gehiago egoten gara. Ez dugula gustuko, azkarrago alde egiten dugu.
Inor ez dago gure zain, beraz, gure erritmora goaz.
Ez duzue bidaia aurreikusten?
Ez, gure plan guztia hegazkinetik jaitsi eta lo egiteko ostatu baten izena izatea da.
Gaua han egin, esnatu, bertakoei mapa eskatu edo liburudenda batera joan eta mapa ikusi. Autobusak non hartzen diren galdetu eta bidaiatzen hasten gara.
Turismo mota desberdina egiten duzue, beraz...
Gu ez gara turistak kontsideratzen, bidaiarik gara.
Bidaian zehar, askotan esan ziguten, “turista, turista txangoa dut zuentzat animaliak ikusiko dituzu,” baina guk ez dugu holako interesik.
Haien bizitza ez kondizionatzea, ez molestatzea, gu gainetik ez joatea ez diru aldetik, ez kultura aldetik, gutxi gora behera pareko ibiltzea da gure helburura.
Neurri batean lortzen da, baina horren klabea denbora da.
Denborak burua irekitzen du, bideak irekitzen ditu eta jendearekin egoteko. Bidaiatzen dudanean, hori gustatzen zait.
Gainera, guk egin genuen bidetik ikusi genituen, dortokak, kaimanak, hegazti pila, baina haien garraiobideetan joan da.
Eta bidaiatzeko modu hori nondik dator?
Brigadista bezala joan naiz gehienetan eta horren ostean, ez zara turista huts bat, beste ikuspuntu batetik ikusten duzu.
Behin horrela egon eta gero, ez zara pertsona berdina izango, beste pertsonekin kontaktua izatea... eta ni horrela ohitu naiz.
Horregatik interesatzen zaizkit haien gai sozialak, politikoak, kulturalak, nola bizi diren, zein borrokatan dabiltzan, zein antolaketa duten... Eta horregatik, haien bizitzan murgiltzea gustatzen zait.
Horrela bidaiatuta, anekdotarik izango duzue?
Urtero, uztailaren 19an Managuan sandinistak sartu ziren eguna ospatzen dute.
Gu momentu hartan , herri txiki txiki batean ginen Rio San Juanen. Ekintza xumea egin zuten eta haiekin egon ginen.
Hunkigarria izan zen guretzako. Emozionatu eta guzti egin ginen.
Horretaz gain, herrialde batetik bestera igarotzea odisea bat izan zen.
Muga fisikoa dago baina ez kontrolik eta ilegalki igarotzea eskaini ziguten. Baina ez zitzaigun komeni.
Beraz, barrura sartu behar izan genuen, Rio San Juanera, pasaportea egin, aste bat igaro eta berriro leku berera bueltatzeko.
Normalean ordu betean egiten dena, han aste betean egin genuen. Baina abentura eta bizitza horretan dago.
Eta arazorik?
Ez dugu inolako arazorik izan, jende askok arriskua zegoela esan ziguten, teorikoki eremu horretan arrisku handia omen dago. Baina guk arazorik ez dugu izan. Jendearekin, janarekin, osasunarekin arazorik ez.
Bueltatzeko asmorik?
Nikaraguara egunen batean bueltatuko naiz. Haiekin borrokatu gara bertan eta hemen. Nikaragua pixka bat etxea bezala kontsideratzen dugu eta noizbehinka etxera joatea ondo dago.
Costa Ricara ez dut uste. Hala ere, oso gustura egon ginen kostako jendearekin, herri berezia da eta jende ona leku guztietan dago eta bilatzen da. Baina Nikaraguak gehiago erakartzen gaitu esandakoarengatik.