Puntu garrantzitsuenak onartu ziren

Txintxarri Aldizkaria 2010ko aza. 15a, 01:00

Lasarte-Oriako Udaleko Gobernu taldeak gai garrantzitsuenak aurrera atera zituen ostegunean burutu zen Batzarrean, 2011. urteko Udal zerga eta tasak aldatzeko espedientea, kredituak aldatzeko dossierra, Michelingo ibai ondoko lurrak eremu industriala bihurtzeko arauaren aldaketa eta Urgolf enpresarekin Udalak duen hirigintza-hitzarmenaren aldaketa.

Aurreko zenbakian argitaratu genuen 2011. urteko Udal zerga eta tasak aldatzeko espedienteaz gain, Udal Gobernuarentzat garrantzitsuak ziren hainbat gai jorratu zirela lehengo osteguneko Batzarrean.

Kreditua

Era honetara, Lasarte-Oriako Udalak 3 milioiko kreditua eskatuko du, Udaletxe berriko, Jaizkibel plazako eta Helduen Hezkuntzako egoitza berriko lanak aurrera eramateko.
“Aurrekontua onartu ez zenez, beharrezkotzat jo ditugun lanetarako kreditua eskatuko da,” azaldu zuen alkateak.
Alderdi jeltzalea pozik agertu zen, kredituaren kopurua aurrekontuetako proposamenekoa baino kopuru txikiagoa delako, baina “lan horien kudeaketarekin ez gaude ados. Lehentasunak neurtu behar dira, lanak hasi baino lehen,” adierazi zuen Estitxu Alkortak.

Industria gune berria

Michelingo ibai ondoko lurrak eremu industriala bihurtzeko arauaren aldaketa aho batez erabaki zen.
Iñaki Mujika PSE-EEren bozeramaileak azaldu zuenez, pausu garrantzitsua eman da eremu hori industria gune bilakatzeko. Izan ere, bere hitzetan, “poligono garrantzitsua” izango da, herrira enpresa gehiago ekarri eta herritarrentzat lana sortuko duena.

Hitzarmen aldaketa

Bestalde, 2006. urtean Udalak eta Urgolf enpresak sinatutako hitzarmenaren aldaketa egingo da.
Honen bitartez, Urgolf enpresa Okendo eremuko lan guztiak 2011ko apirilean bukatzeko konpromisoa hartu du. “Aurreko hitzarmenaren arabera, hiru urteren buruan, bukatuko lirateke lanak Baina epeak aurreratzea lortu dugu,” aipatu zuen Jesus Zaballos alkateak.
EAJ alderdia ez zen ados agertu hitzarmen aldaketarekin, “aurrekoa ez baitago guztiz egina, akatsak daude enpresak zor dituen kopuruetan.” Aldaketa hauekin onuradun bakarra Urgolf enpresa dela eta Udalaren kudeaketa txarra salatu zuen.
Ezker Abertzaleak Okendo eremua, “Gobernu taldearen proiektu izatetik, herriaren proiektu izatera” igarotzea eta nahiz eta lanek hasiera herrena izan, proiektua ongi bukatzea espero dutela adierazi zuten, baita alkateari Okendo herriko gunea izango al den galdetu zioten.
Alkateak Okendo herriko plaza garrantzitsuena izango dela adierazi zuen.
Era berean, Iñaki Mujikak enpresak zorra azken likidazioan ordaindu beharko dituela adierazi zuen, baita lan hauen aurreratzea herritarrentzat hobekuntza izango dela ere.

Etxebizitzen ordenantza

Batzar horretan, gainera, Lasarte-Orian Babes Publikoko Etxebizitzen erregimena arautzeko ordenantzan aldaketa batzuk egitea ere onartu zen.
Honela, hemendik aurrera BOEko onuradunak eta haien etxebizitzak zozketa bakarrean erabakiko dira. Gainera, onuradun izanez gero, etxebizitza bi alditan soilik ukatu ahalko da.

Kalea garbi

Herritarren elkarbizitza eta bide publikoaren erabilera eta garbiketa arautzeko egin den ordenantza ere atera zen.
Azken honetan LOHParen eskaera bat izan zuen, “herritarrak kontzientziatu behar ditugu eta arauak, betetzeko kanpaina egin behar da, errotik, eskoletatik.”
Alkateak ordenantzako puntu garrantzitsuenak eskuorri batean etxeetan banatuko dela jakin arazi zuen.
Langileen soldata
Honetaz guztiaz gain, langileen soldata murrizteko proposamena onetsi zen.
Aurretik, Ezker abertzaleak eta Ezker Batuak langile Komitearen proposamena entzuna eta eztabaidatua izatea eskatu zuten, baina Batzarrak ez zuen hori ahalbideratu.
Ezker Batuak krisi egoera honetan langileak kaltetuenak direla aipatu zuen eta bere ustez, egokiena Udalhitzekoaren arabera Udaleko taulak eguneratzea izango zela adierazi zuen.

Beste puntuak

Hauetaz gain, 2010 ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dossieren berri ematea egin zen.
Udaleko ondasun eta eskubideen 2009ko inbentarioan egindako aldakuntzak eta 2009ko ekitaldiko aurrekontuaren kontu orokorraren dossierra onetsi ziren.
Kontagailua daukaten auto pribatuen ordenantza eta taxien 2011ko hiri barruko tarifak ere ontzat eman zituen Batzarrak.
Mozioak eztabaidatzen hasi baino lehen, Zabaleta-Berriko Mirentxu eneko jabekideek jarritako alegazioa ebatzi zen eta eremu horretako plan partzialaren estudioari baiezkoa eman zitzaion.

Mozioak

Hainbat izan ziren mozioen bidez, Udalbatzarrean jorratu ziren gaiak.
Batetik Gobernu taldeak 2011ko aurrekontua eta Plan ekonomiko-finantzarioa aurkezteko eskaera egin zuen EAJk batetik “egoera jasangaitzean dago Udala, aurreko urteetan epez kanpo edo aurrekontua aurkeztu ez delako” eta bestetik, aurrekontuari egonkortasuna emateko plana behar delako.
Ez zen mozioa aurrera atera Gobernu taldeak hauek egiteko asmoa duela adierazi baitzuen.
Hala ere, oposizioko taldeek aurrekontuaren harira, eskaera bat egin zuten, aurrekontuak taldeek aztertu eta emendakinak egiteko epea luzatzeko eta Alkateak dagokion Batzordean eztabaidatzeko gaia izango zela aipatu zuen.
PSE-EE alderdiak Gizarte-Zerbitzuen Euskal Legeak betetzeko ebazpen proposamena egin zen.
Honen ondorioz, Lasarte-Oriako Udalak Foru Aldundiari dagokion Atsobakarreko zahar egoitzako kudeaketa erantzukizuna beregain hartzeko eta zerbitzu horregatik Udalak duen defizita ordaintzeko eskaera egingo dio.
Era berean, alderdi sozialistak Lasarte-Oriako auzoak eta Ospitaleak lotuko dituen autobusaren proiektua aintzat hartzeko eskaera aurrea atera zen, Ezker Abertzaleko eranskin batekin, Institutu edo baskula aurrean geltoki bat ezartzea.
Ohizko mozioez gain, larrialdiko batzuk ere egon ziren.
Saharako egoera gaitzestea eta hurrengo egunetan egingo diren ekimenetan parte hartzea adostu zuten talde guztiek, baita azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren aurkako deklarazioko testua ere.
Bestalde, atzera bota ziren EBk aurkeztutako Donostialdeko Lurraldeko Plan Partzialaren alegazioa egiteko eta Estatuak udalen defizita murrizteko egin duen legearen aurkako mozioak, baita EAJk Eusko Jaurlaritzari Gizarte Larrialdietarako Laguntzen baldintzak betetzeko eskaera ere.

Galderak eta eskaerak

Udalbatzar luzeari amaiera emateko, Ezker Abertzaleko zinegotziek bi galdera egin zizkioten alkateari, bata Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jangela eta haur eskolaren eskumenen negoziaketen berri emateko eta bestea, Udalak egin behar zuen diru laguntzen araudiari buruz.
Diru laguntzei dagokionez, alkateak idazkariaren eta kontu hartzailearekin batu behar dela aipatu zuen, biek dituzten proposamenak aztertu eta bat aukeratzeko.
Bestalde, Hezkuntza sailekoekin negoziaketak ongi doazela eta hurrengo ikasturterako jangelako kudeaketa jaurlaritzaren eskuetan egongo dela aurreratu zuen, baita haur eskolaren kasuan eraikuntza aztertu eta horren ostean Jaurlaritzak erabakiko duela ere.