Hitzaldi sortako lehenengoa egingo da Lasarte-Orian. “Errausketa eta Osasuna” izango da azaroaren 17an, asteazkena, arratsaldeko 19:30ean, Manuel Lekuona Kultur Etxean bi medikuk jorratuko duten gaia.
Medikuak hizlari
Iñigo Suberbiola eta Julia Sanjose mintzatuko dira errausketak osasunean duen eraginaz. Iñigo Suberbiola lasarteoriatar medikua da. Julia San Jose, Errausketa eta Osasunari buruzko Azterketa Taldeko kidea eta gai hauetan aditua den medikua.
Azaroaren 24an Donostiako Koldo Mitxelena Kultur Etxean arratsaldeko 19:30ean Jesus Perez Gomez “Hondakinak nola gutxitu?” galderari erantzuten saiatuko da bere mintzaldian. Bigarren saio honetako hizlaria “Instituto Sindical de Trabajo, Ambiente y Salud” elkarteko kidea da eta hiri hondakinei buruzko hainbat azterketa egin ditu.
Jardunaldiei abenduaren 2an emango zaie amaiera hondakinak biltzeko dauden sistemei buruzko hitzaldiarekin. Errenteriko Xenpelar aretoan arratsaldeko 19:30etik aurrera Ricardo Ortega Lasarte-Oriako EBko zinegotzi eta San Marko Mankomunitateko lehendakari ohiak eta Mikel Izagirre Urnietako alkateak hitz egingo dute hiri hondakinak biltzeko sistemei buruz.
Bi hizlariak Ezker Batuko ordezkariak dira eta San Marko Mankomunitatean hondakinak kudeatzeko modu ezberdinei buruzko esperientzia zabala jaso dute.
Ricardo Ortega lasarteoriatarra hiru herritan atez ateko bilketa martxan jarri duen Mankomunitateko lehendakari izan da orain dela gutxi arte.