Musika Topaketak
Musika Topaketen lehenengo saioan, ostiralean arratsaldeko 19:30ean Oria Hirukotea entzuteko parada egongo da, Brigitarren komentuan.
Herrian bizi den Carlos Rosat flautistak, Eduardo Baranzano kitarrak eta Pascal Arnaud biolak sortutako hirukote honek hiru abesti eskainiko ditu.
Lehenengo piezan, Ferdinando Carulli-ren Serenatan zeharkako flauta eta kitarra izango dira entzungo diren instrumentuak, ondoren Francesco Molinoren Hirukotea Re Nagusian, Op. 45a izango da. Eta atsedenaldiaren ostean, pieza bakarra entzungo da, Wenzeslaus Matiegkaren Nocturno Op.21a.
Jaiotzen lehiaketa
Gabonak hurbil ditugu. Turroia, pinua eta nola ez ba jaiotzak. Urtero bezala, Danok Kide elkarteak XVIII. jaiotzen lehiaketa antolatu du eta parte hartzeko oinarriak argitara eman ditu.
Banaka edo taldeka hartu daiteke parte lehiaketan, baina lan bakarra aurkeztuz. Jaiotzarekin batera, gutunazal batean egileen izenak sartu eta azalean parte-hartzaile edota taldearen adina idatzirik entregatu behar da.
Jaiotzak, gehienez, 80x60 zm-tako dimentsioak izango ditu eta ez da onartuko hondo sendorik ez duen jaiotzarik, ezta lehiaketara aurretik aurkeztutako proiekturik ere.
Lanak kalifikatuko dituzten taldeak, lehiaketako sariak banatu gabe utz ditzake, kalitatezkoak ez direla uste badu.
Lau maila bereiziko dira sarietan. A mailan, 6 eta 9 urte bitarteko haurren irabazleak 60 euro eta trofeoa jasoko du eta bigarrenak, 40 euroko saria. B mailan, berriz, lehenengo sarituak 70 euro eta trofeoa eta bigarrenak, 50 euro. 14 urtetik 17rako tarteko gazteen C mailan, 90 euro eta trofeoa izango ditu lehen sailkatuak, eta bigarrenak 60 euro. Azkenik, 18 urtetik gorako D mailako lehenengo sailkatuak 120 euro eta trofeoa izango ditu, eta bigarrenak 90 euro.
Saririk ez lortu arren, kontsolazio saria dago onartutako lan guztien egileentzako. Elkarteak, 15 euro emango ditu aurkezten den jaiotza bakoitzeko.
Gauzak honela, jaiotzak abenduaren 20 eta 21ean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara aurkeztu behar dira, Danok Kideko egoitzean, Blas de Lezo kaleko 11-13 zenbakian.