Afrikara eginiko bidai hunkigarria

Txintxarri Aldizkaria 2010eko azaroaren 15a

Bi emanaldi egin zituzten larunbat arratsaldean kulturetxean, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, Lasarte-Oriako Udaleko Kultura eta Gizarte sailak antolatuta Danok Kide elkartearen laguntzarekin.
Antzezlan honen helburua Afrikako errealitatea erakustea zen, eta ikusleek esan zigutenez, lortu zuten.
Medicus Mundi erakundearen sentsibilizazio kanpaina da Akaziaren Jokoa antzezlana, euren esanetan “sentsibilizazio kanpaina gehienak erakusketa eta hitzaldien bitartez egiten dira, eta guk beste modu erakargarriago bat aurkitu nahi genuen”. Horrela jaio zen antzezlana; ideia Gasteizko Abstractoesfera taldekoei helarazi eta beraiek gauzatu dute.

Malaria

Malaria Afrikan arazo garrantzitsua da, baina antzezlan honetan ez da gai nagusia. Afrikan zentratzen da obra, bertako historia eta errealitatea islatu nahi izan zuten antzezleek eta gehienbat Afrikari buruz jendeak dituen aurriritziak apurtzea eta azaletik malariaren arazoa ezagutzea. Esan beharra dago malaria gaur egun Afrikako herrialdetan bizi den arazo larria dela. Haurdun dauden emakumeei eta bost urte baino gutxiago duten umeei eragiten die gehienbat. Urtean 1.000.000 pertsona hiltzen dira gaixotasun honen ondorioz eta Afrikako gizartearen %40a gaixo potentziala da. Gainera okerrena, gaixotasun hau prebenitu eta sendatu daitekeela, baina ez dela askorik egiten salatu nahi dute Medicus Mundi erakundetik.

Afrikara bidaia

Akaziaren Jokoan Afrikara bere alabaren bila doan aitaren bidaia azaltzen da. Orain urte batzuk joan zen bere alaba Afrikara, eta bertan geratzea erabaki zuen, bolada baterako behintzat.
Hasiera batean bere berri maiz bazuten ere, gero eta gutun gutxiago jasotzen joan dira. Halako batean, gutun batekin alabak bere egunerokoa bidali die. Ez omen dago oso ondo, gaixorik sentitzen da... Aita arduraturik Afrikara bidaiatzea erabakitzen du. Hasieran ez du ulertzen bere alabak zer ikusten dion erakargarri Afrikari, baina poliki-poliki, eta egunerokoaren laguntzaz, zenbait gauza hobeto ulertzen ditu.