Emaitza historikoa dugu hau. Izan ere, herriko lantokian hauteskunde sindikalak egiten direnetik, hau da 1978. urtetik, lehen aldiz CCOO ez den beste sindikatu batek irabazi baititu hauteskundeak.
Orain arte CCOO sindikatuak herriko Michelin enpresako hauteskundeetan zuen hegemonia puskatzeko, bi bozka nahikoak izan dira, LABek 174 lortu baitzituen eta CCOO sindikatuak, berriz, 172 boto.
Ondorioz, hauteskunde hauetan sindikatu abertzalea langileen babesarekin enpresako lehenengo sindikatua bihurtu da.
Batzordearen delegatuak
Beraz, Michelingo Enpresa Batzordea honela geratzen da osatua, bozken arabera: LAB eta CCOO sindikatuek 5 delegatu izango dituzte bakoitzak; CSI sindikatuak hiru delegatu lortu ditu eta azkenik, UGTk eta ELAk delegatu berdinketa dute, bi ordezkari sindikatu bakoitzak.
Bestalde, ESK sindikatuak ez du delegaturik izango Enpresa Batzordean, behar adina bozka lortu ez dituelako.