Einsteinek azti batek bezala jokatu zuen eta bere teoriek eragin zuzena dute guztiok, adin guztietako umeok, naturaren aurrean etengabe egiten ditugun galderetan.
Einstein, beraz, pertsonaia liluragarria suertatzen da guztiontzat, baita umeentzat ere.
Gauzak honela, Ados teatroak Manuel Lekuona kultur etxean, larunbatean, 18:00etan eskainiko duen Einstein ikuskizunak egungo 6 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoak eta zientzialari berezi hau elkarri hurbiltzea du helburu nagusi.
Galderak erantzunez
Modu jostagarri batez, haurren jakin-mina sustatu eta haien lilurapena eta barrea eragin nahi du antzezlan berezi honek.
Horretarako, antzerki lan honetan haurrak Einstein zientzialaritik gertu egongo dira eta bere laborategian egingo dituen esperimentuak ikusi ahalko dituzte.
Esperimentu horiek haurren galdera bihurri eta zoragarriei erantzuna izango dira, hala nola, zerk eusten die eguzki eta planetei espazioan? Zer dago zeruaz haratago? Inoiz okertzen al zara?
Zientzia dibertigarria
Einstein kontu serioei buruzko ikuskizun dibertigarria da.
Izan ere, Ados teatroak jakin-mina jolas eta norberaren bizipenaren bidez, zientzia ulergaitzaren estereotipoa baztertu eta zientzia dibertigarriaren irudia bultzatu nahi du.
Beraz, zientzialari handia den Einstein ezagutu, honi galderak egin nahi eta esperimentu liluragarriak ikusi nahi dituen haur edo gaztetxoak, larunbatean du aukera kultur etxeko aretoan. Sarrerak 3,15 euro balio ditu.