Urtzi Telleriak 200 kiloko harria altxatu du lehenengo aldiz plazan

Txintxarri Aldizkaria 2010ko aza. 18a, 01:00

Urtzi Telleria harrijasotzaileak 200 kiloko harria altxatu zuen igandean Aldatzen jokatu zen Harri Handien Euskal Herriko Txapelketan. Txapela bere lagun Aimar Irigoienek jantzi zuen guztira 8.675 kilo eta 56 jasoaldirekin.
Irigoien txapeldunak, Urtzi Telleriak baino 7.025 kilo gehiago altxatu zituen, eta 45 jasoaldi gehiago egin, bien arteko aldea handia izan zen, baina Urtzi Telleriak badu pozik egoteko arrazoirik.
Lehenengo aldiz parte hartu du Harri Handien txapelketan eta argi utzi du harrijasotzaile ausarta dela. 80 kilo baino gutxiago pisatu zuen igandean eta besteak beste 200 kiloko harria altxatu zuen, bere pisuaren bikoitza eta beste 40 kilokoa.
Hain juxtu Urtzi eta bere aita dira Harri Handien Txapelketan atera diren 80 kilo inguruko harrijasotzaile bakarrak. Beste guztiak, beti, 100 kilotik gorako mutikoteak izan dira. Luis Mari Telleria duela 12 urte atera zen, 1998an. Telleriatarrez gain ehun kilotik azpiko beste inor ez da ausartu Harri Handien Txapelketan.
Urtzi Telleriak lan txukuna egin zuen igandean. 200 kilokoarekin zuen erronka nagusia, lehenengo aldiz heltzen baitzion plazan eta bere helburua lortu zuen. Lehenengo ahaleginean 200 kiloko koadroa altxatu zuen eta bigarrena ahalegin ustela izan zen, bularretik bota egin behar izan zuen eta.
Gero, 175 kiloko zilindroari 3 jasoaldi eman zizkion, 150 kiloko kuboa bi aldiz altxatu zuen eta 125 kiloko bola beste 5 aldiz. Guztira beraz, 11 jasoaldi egin zituen eta 1.650 kilo altxatu zituen.
Esan bezala Aimar Irigoienek eraman zuen txapela, bigarrena Joseba Ostolaza izan zen eta hirugarrena Unai Lertxundi.
Azaroaren 28an Joxe Mari Mendizabal aizkolariari Adunan egingo zaion omenaldian berriro 200 kiloko harria altxatzen saiatuko da Urtzi Telleria.