Duela aste batzuk, Aaiun ondoan Gdeim Izik kanpamentua eraiki zuten, “modu baketsuan, errebindikaziorik gabe, ez zuten Saharar ikurrina jarri... Nazkatuak zeuden 35 urtez bizitako egoeraz eta herria berea ez dela esaten dutelako” azaldu digu Bikik.
Hango egoerari buruz galdetzean, “momentu honetan badakigu, kanpamendua desegin dutela eta 150 desagertu daudela. Izan ere, ejertzitoa sartu zenean askok basamortura ihes egin zuten. Baina ez dakigu desagertuak dauden edo desagertu arazi dituzten” aipatu digu.
Eta atxiki du, “tentsio handia dago Aaiunen, hirian bertan, etxeetan sartzen dira hauek arakatzera. Eta jende asko gartzelaratu dute terrorista izatearen kargupean. Hango egoera geroz eta zailagoa dela badakigu. Guretzat orain Marokok egin nahi duena garbiketa etnikoa da”.
Gainera, Mendebaldeko Sahararekin kontaktuan jartzeko zailtasuna azpimarratu du, “ezin dugu informaziorik jaso. Estatu mailako komunikabideek ere ez dute baimenik sartzeko. Marokok Mendebaldeko Sahararako bideak itxi ditu, Aaiuneko aireportua guztiz itxia dago. Ez dute jendea sartzen uzten. Ez dute hango berririk ematerik nahi. Beraz, daukagun informazioa hemen bizi diren sahararrek hango familiakoekin hitz eginez lortutakoa da, hitz egitea lortzen baldin badute .”
Hau guztiagatik, “guda aldarrikatzen badute, inork ez ditzala eskuak burura eraman. Guk ez dugu hori nahi. Nik zazpi urte daramatzat errefuxiatu kanpamentuetara bidaiatzen eta nire familia da. Nik ez nuke nire familiako kide edo ezagun baten hiletara joan nahi. Baina haien erabakia hori bada, guk onartu eta errespetatuko dugu” adierazi du.
Eskubideak eta ardura
Horregatik, herri honek giza eskubideen zapalketa sufritzen duela salatzen du, “ezin dira interes ekonomikoak, pertsonen gainetik jarri. Pertsonak dira eta giza eskubideak dituzte, ez dira harriekin jokatzen ari”.
Salaketa hori egin eta Estatuari zerbait egin dezan eskatzeko hainbat ekintza burutu dira, elkarretaratzeak eta manifestazioak, esaterako. Madrilen milaka pertsona bildu ziren eta horien artean, Bikirekin batera Lasarte-Orian bizi diren sahararrak.
“Izugarria izan zen. Iaz ere egon nintzen eta harrituta bueltatu nintzen, sahararren kausaren alde zegoen jendetza ikusita. Baina aurtengoa... ezin ginen ibili, jende eta erakunde pila bat zegoen. Pertsona anonimo pila, eta hunkigarria zen udan etortzen diren haurren argazkiak jendeen eskuetan ikustea eta haiek negarrez ikustea. Ikaragarria zen, bi ordutan herri oso bat batu egin zen Saharar herria maite dugulako. Hori ezin da ezabatu, Estatuak eta Gobernuak ezin dute hori ezabatu” azaldu digu.
Izan ere, gatazka hau amaitzea, “ez dago gure esku. Arduradun nagusia Estatua da, duela 35 urte, honek hanka sartze handia egin zuela onartu behar du eta mugitu behar du fitxa. Ezin dugu ahaztu behar kolonia bat zela eta ez dela deskolonizatua izan” adierazi du eta “Estatuak edo Nazio Batuek Marokoko erreinuari nahi duena ezin duela egin esan behar diote” atxiki du.
Gauzak honela, “etorkizuna ez da oso argia. Aldizkariak begiratzen badira, gaiari buruz gutxiago hitz egiten da. Eta ez dakigu hildako gehiago dagoen edo ez. Komunikabideek eta militanteok mahai gainean jarri behar dugu gaia eta ezin dugu beste aldera begiratu” aldarrikatzen du.
Horregatik, larunbatean Bilbon 12:30ean, egingo den manifestaziora joateko deia luzatzen die herritarrei, baita inguruko herri desberdinetan egingo diren ekintzetara ere.