Gerora horren ezagunak egin ziren Takolo eta konpainia Olentzeroren etorrera prestatzeko sortu zituzten Lasarte-Orian, lehen emanaldia Euskararen I Maratoian egin zuten, azken finean "herrikoentzat sortu zen proiektuak, azkenean Euskal Herria osorako balio izan zuen" kontatu digu Agustin Mujikak.
Zergatik uste duzu eman zaizula Ttakun Saria?
Ez dakit, ez nago ziur. Agian garai batean nahiko "saltseroa" izan nintzelako edota afariko xanpaina ordaintzeko. Berdin zait, motibo batengatik edo besteagatik oso pozik eta harro sentitzen naiz.
Nola ikusten duzu Ttakun?
Euskara elkartea oso indartsu ikusten dut: bazkide asko izateaz aparte, herrian eta herritik kanpo lan egiteko plangintza zabala duen erakundea da.
Ttakun, gaur egun, euskararen alde ilusionatuta dagoen jende askoren inplikazioari esker antolatutako sare eraginkorra da. Hori dela eta, euskalgintzan proiekzio kultural handia duen elkartea da.
Gazte hasi zinen euskara ikasten edo berreskuratzen, ezta?
Ia 5 urte nituen eskolan hasi nintzenean, eta garai haietan, 1964ean, eskola publikoan ez ziguten euskara irakasten.
Euskaraz hitz egiten zutenek etxe barruan erabiltzen zuten; errepresioa oso bortitza zen. Gure gurasoek (Aieten eta Elantxoben jaiotakoak) zerbait bazekiten, baina belaunaldi horretako gehienek bezala nahiko galdua zeukaten.
Aitak baratza zeukan Zubietan, eta baserritarrekin topatzen ginenean, bera nolabait defenditzen zen baina nirekin hasten zirenean, erabat lotsatuta sentitzen nintzen. Ez nien ezer ulertzen. Amorrua ematen zidan.
16 urterekin hasi nintzen euskara ikasten eta bapatean euskal giroan erabat murgildu nintzen: futbola utzi eta Michelingo bolatokian egoten nintzen Julian Etxaide bolaria zenarekin, musika jaialdi guztietara joaten nintzen, udan, udalekuetan begirale, gazte mugimenduan ere ibili nintzen, gero lagun batzuei esker nire euskara hobetu eta 1977an gau eskoletan ikasle eta irakasle izan nintzen.
Urte haietan AEK oso indartsua zen ia 150 ikasle zeuzkan, eta gero udal euskaltegia sortzean guztira ia 350 lagun ari ziren euskara ikasten. Bitartean, Donostian sortutako euskarazko irakasle-eskolan lehenengo promozioko kide izan nintzen.
1981ean soldaduskara eraman ninduten, eta 23F-an, Murcian, Cartagenako kuartelean "carro de combate" batean nengoen, kapitainaren irratiko arduradun, azken instrukzioen zain. Une gogorrak izan ziren, handik nola alde egin pentsatzen hasita nengoen. Nolabait dena konpondu zen eta urte hartan Errealak liga irabazi zuen. Ufff! Zenbat bizipen!
Eta gero ikastolara pasa zinen, Pablo Garaikoetxean hasita,...
Soldaduskako "oporren" ondoren, maisutzako praktikak Landaberri ikastolan egin nituen, eta gero Pablo Garaikoetxea ikastetxean euskarazko irakasle hasi nintzen. A ereduan (astean ia 5 ordu gela bakoitzean), 5 ikasgela eta ia 150 umerekin. Beno! Zer zen hura! Berehala, euskara asignatura izanik, inolako motibazio kulturalik ez zuten hainbeste ume euskalduntzea oso zaila izango zela sumatu genuen.
Zenbait ideia bururatu zitzaizkigun, eta hortik sortu ziren zenbait aktibitate: eskolan emititzen zuen "Satorra irratia", Olentzeroren eguna, kanpaldiak, Santa Ageda,... Gela bakoitzeko ia 30 umeetatik gehienez 2 edo 3 euskaldun genituen, hots, guztien %5a zen euskalduna. Irakasleen artean, 30etik 6. Baina hala ere, euskararen aldeko gurpila martxan jarri zen.
Gerora Euskal Eskola Publiko baten beharra sentitu nuen. Zergatik ez? Oztopo guztien gainetik gure herrirako nahi genuen eskola eraikitzea zen gure ilusioa. Agian anbizio handiegia genuen.
Hasieran zenbait errezelo edo zalantza baldin baziren ere, Zumaburu, Sasoeta, Oztaran, Landaberri eta Garaikoetxea elkarrekin lanean hasi ginen, irakasleen arteko harremanak gero eta hobeak ziren, eta denborarekin konturatu gara une hauek klabeak izan zirela gauden egoerara iristeko.
Denbora gutxitan nola aldatu dira gauzak. Lastima euskaldundu gabe geratu ziren ikasle haiek. Gaur egun ia 40 urte dituzte, eta gurasoak dira. Batzuetan, Lasarten ikusi eta oraindik "maixu" deitzen didate. Batzuk euskara ikasi dute, eta kristoren poza sentitzen dut. Oroitzapen oso onak ditut.
Andoaingo Leitzaranera ia 30 ikaslerekin joateko kanpaldia antolatu genuen 1984an, baina bezperako gauean, guardia zibilak bortizki sartu ziren nire etxean. Bost egunetan beste zenbait herritarrekin batera atxilotua eta torturatua (bainera, kolpeak,..) izan nintzen. Gero jakin nuenez, han nengoen bitartean, 13-14 urteko ikasleek "Agus eta Alex askatu" idatzita zuen pankarta hartu eta herriko errepidea mozten aritu ziren. Argazki hori gordeta daukat, niretzako balio handiko keinua izan zen, "maixu" bat baino gehiago lagun bat nintzen haientzako. Lanean jarraitzeko motibatua sentitu nintzen.
Eta Olentzerorekin hasita, Takolo, Pirrutx eta Porrotx...
Herriko ikastetxeen arteko jardueren artean Olentzeroren eguna izaten zen deigarriena: normalean, Zumaburuko plazan, ia 1.500 ume biltzen genituen. Gehienek lehen aldiz janzten zuten euskal txapela edota buruko zapia. Ikusgarria zen. Urtetik urtera gero eta ume gehiago ziren Olentzeroren zain, egun "magikoan".
Batzuetan asto eta gurdiarekin etortzen zen, beste behin bosgarren pisu batetik zintzilikatu zen, "rappela" eginez jaitsi zen plazara. Orijinaltasuna eta ikusgarritasuna nahi genuen.
Giro honetan Olentzeroren etorrera prestatzeko Takolo pertsonaia Xixuko ahatetxoarekin batera sortu genuen. Dinamika honetatik sortu ziren gero Pirrutx (Patxi Sanz) eta Porrotx (Joxe Mari Agirretxe) pailazoak ere. 1987an Euskararen I. Maratoia antolatu genuen, gure lehen ekitaldia.
Zer esan dezaket laburki taldeari buruz? Gero eta ospetsuago ginen, eta konturatu orduko, Euskal Herriko txoko guztietan ia bi mila ekitaldi burutu genituen, 20 bat urtetan. Herrikoentzat sortu zen proiektuak, azkenean Euskal Herri osorako balio izan zuen.
Taldea handitzen joan zen, partaideak berritzen, aldatzen, gehitzen, egokitzen. Zenbat kilometro? Zenbat deskarga eta karga? Zenbat asteburu? Zenbat bizipen, emozio, neke, ilusio, nahigabe, afektibitate, elkartasun, irribarre, negar, grabaketa, pertsona,... denetarik. Txapo denoi!
Eta erdal giroan hezitako haurrentzat egonaldiak antolatzen ere asmatu zenuen. Aitzindari izan zinen beste behin ere...
Amezketako eskolan nengoen 1985ean, eta pentsatu nuen: "zergatik ez dugu sortzen ikasturte barruko barnetegi bat? Umeek herri euskaldun bat ezagutuko dute eta era berean euskal historia eta kultura ere bai, (artzaintza, trikuharriak,..)". "Inoxente, inoxente", prestaketak egin eta ni aurrera! Lakuan, Eusko Jaurlaritzan argazki, plano eta abarrekin azaldu nintzen eta hura ezustekoa! Haien erantzuna bat batekoa izan zen: "Bai, ondo dago, guk ere (Hezkuntza Sailean) horren beharra sumatzen dugu, baina Amezketan izan beharrean Bizkaiko Euban (Zornotza ondoan) izan beharko luke".
Gehiegi pentsatu gabe, eskoletako eskemetatik alde egin nahian edo, berehala jarri nintzen martxan, 1986an. Autorik ez nuenez, normalean bertan geratzen nintzen lotan, 12 eguneko egonaldiak ziren.
Zenbat aldiz joan ote nintzen goizeko 5:30ean Luzuriaga lantoki ondoan tren zaharra hartu eta Durangoraino? Balantzaka, egurrezko aulkietan, ia hiru ordutako bidaia ez zen oso erosoa. A ze buruko minak! Dieu!
Han hiru urtetan jardun ondoren, Gaztelu, Alkiza eta Segurako barnetegien irekieraren partaide izan nintzen (egun bost dira). Eta horretan ari gara, aurten 25. urtea bete dugu, baina ilusio handiz lanean jarraitzen dugu.
Eta herrian ere beste hainbat gauza antolatzen zenituzten euskara bultzatzeko... Orduan ez al zen Euskara Talderik?
Euskara Taldea 1986 inguruan sortu zen. EHE, Euskal Herrian Euskaraz, taldearekin harremanak bagenituen ere, guk gurea sortu nahi izan genuen. Agian, gure herriko egoera kontutan harturik zerbait berezia egin nahi genuelako. Dena den, baziren horrelako zenbait talde beste herri batzuetan ere.
Erronka handia zen, eta pentsaera ezberdinetako pertsonak inplikatu nahian genbiltzan. Trikuharri bat irudikatzen zuen zigilua ere bagenuen. Ez genuen lokalik, eta askotan Ilargi tabernan beheko solairuan biltzen ginen partaide dexente. Gure eginkizunak ezberdinak izaten ziren: batzuek euskal eremu baten aldarrikapenari lotuak, (kaleko, autobusetako, edota dendetako errotuluak,...), beste batzuek girotzekoak (jaialdiak,...) edota etorkizunari begira erakundeetan egindakoak (esaterako udalean batzorde bereziaren eskaera,...). Lehen ikerketa soziolinguistikoa egiten ere hasi ginen.
Geroago Udal Euskara Batzordea sortu zen, eta pentsaera ideologiko ezberdinetako jendea elkartzen ginela ikusirik, saltoa egiteko garaia zen. Herritik udalera eta udaletik herrira. Euskararen aldeko kanpainak antolatzen hasi eta giro horretan bururatu zitzaidan 40 ordu euskaraz egitea! Berriro, plan estrategikoa diseinatuta zegoen: kanpina, hesiak,... Hasieran, erokeria zirudiena, gerora herriko egun zoragarri bihurtu da eta asko pozten nau. Egia esan ez zen erabat planteatuta zegoen bezala egin, baina moldaketarekin, (zortzikotea sortuz adibidez) indartsuagoa izan zen.
Lehenengo Maratoia, beste guztiak bezala, oso neketsua izan zen, baina bereziki bizia. Uste genuena baino askoz gehiago lortu zen.
Politikagintzan, euskaldunen arteko tirabirak oso handiak ziren (EAJ, EA, HB, EE,...) eta Udalean PSOEk agintzen zuen. Guk bi helburuekin lan egin genuen, sarritan aparteko saiakera pertsonalak eginez: lehenengo, gure esparru kultural eta linguistikoa aldarrikatuz, eta bigarrenez, haur, gazte eta heldu lasartear guztien integrazioaren alde.
2008ko 7. Maratoira arte Ana Urchuegia alkatea ez zen inoiz oholtza gainera igo eta hitzik euskaraz egin. 22 urte pasa eta gero, gure ondora azaldu zenean, sentsazio arraroak izan nituen. Hala ere, egindako keinua gogoz txalotu nuen. Ongi etorriak euskararen aldeko mugimendura!
Eta gaur egun, zer zabiltza?
Bizitza aurrera doa, 50 urte bete ditut, andrea eta biok Zaldibian bizi izan gara azken 20 urteotan, bi seme-alaba ditugu eta normala denez, zaldibitarrak sentitzen dira. Herri txiki baten bizimodura ohitu gara. Segurako Euskal Girotze Barnetegian irakasle-monitore animatzaile gisa gustuko lana egiten dut. Urtero ia 400 ume ezagutzen ditut eta azken urtetan metodologia berriak aplikatuz oso emaitza interesgarriak lortzen ari gara.
Jakina denez, "Takolo ospetsuarena" arrazoi pertsonal ezberdinengatik utzi behar izan nuen, baina noizean behin, barruko grina pixka bat baretzeko mozorrotu eta ekitaldi batzuk egiten ditut.
Herriko beste bi gaztetxorekin taldetxo bat osatu dugu (Takolo, Kuki eta Koxmo) eta zenbait agerraldi egin ere bai.
Betidanik gustuko izan dudan klown tradizionalean oinarritu eta aspaldiko zenbait sketch arruntekin hasi gara.
Astero etortzen diren umeekin pailazokeriak egiten aritzen naiz Barnetegian, eta behin baino gehiagotan esan didate: "Takolo bera baino pailazo hobea zara". Ja! Ja!
Sabel hiztun gisara, panpina batzuk hartu (Martintxo, Mirentxu, Tiburtzio) eta eskola batzuetara joan izan naiz umeak entretenitzera.
Herrian ere zenbait “ekarpen” egin ditut, batez ere jaietan, jendeak "Takolo" deitzen nau, eta pentsatzen dut betirako izango dela. Zaila egiten zait “normal” bizitzea.
Astero galdetzen didate umeek: Zergatik utzi zenion Takolo izateari ? Eta askotan ez dakit zer erantzun.
Musikalki trikitixa ikasten hasi nintzen baina egunak 24 ordu ditu eta ez nuen lortu.
Bestalde, senide batzuekin mozorro denda handi bat martxan jarri genuen, "Europako handiena" je! je!, eta hor gabiltza. Oso esperientzi interesgarria da. Betidanik, edozein tokitara joanda ere, (Bartzelona, Londres edota Madril-era) zer magia, zer jantzi, zer zapata, zer antzerki,... dauden ikertzea gustukoa izan dut. Oso kuriosoa da dendan batzuek, mozorroekiko duten jarrera eta gogoa. Batzuek oso barrutik sentitzen dute, eta asko gustatzen zait ahal dudan neurrian laguntzea.
Bukatzeko, nori eskainiko zenioke Ttakun saria ?
Ba, euskararen aldeko bizi-bidaia honetan ezagututako guztioi. Baita, nire senideei eta bereziki Xabier nire anaia zenari! Bejondeizuela denoi!