“Errausketak osasunean dituen ondorioak epe luzera ikusten dira”

Txintxarri Aldizkaria 2010eko azaroaren 19a

Errauskailuak osasunean duen eraginari buruz hitz egin zen asteazkenean Manuel Lekuona Kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Errausketaren aurkako plataformen koordinakundeak antolatutako hitzaldi honetan, Julia San Jose eta Iñigo Suberbiola medikuak izan ziren errauskailuak sortzen dituen osasun arazoak azaltzen. “Gaur egun gai honi buruz ez da asko hitz egiten eta gai garrantzitsua da,” azaldu zuten medikuek.
Herrialde desberdinetan egin diren azterketen emaitzak eskaini zituzten. Hauetan, errauskailuak sortzen dituen toxinak eta furanoak epe luzera minbizia sortu dezaketela azaldu zuten, eta baita giltzurrunetan eta gazteen hazkuntzan eragina izan ere bai.
Gainera, errauskailuetako iragazkiek emisio horietan dauden mikropartikulak harrapatzen ez dituztela azaldu zuten eta horiek, azterketen arabera, bihotzeko arazoekin zer ikusia dutela.

Tabakoa adibide

Iñigo Suberbiola herritarrak tabakoaren kasuarekin parekatu zuen. Izan ere, 1950. hamarkadan hasi ziren tabakoak osasunean zuen eragina aztertzen.
Suberbiolak eskainitako datuen arabera, 1964ean ondorioztatua zegoen, erretzaileen %50ak minbizia izateko arriskua zuela. “Gaur oraindik, azterketak egin behar direla diote batzuk, baina argi dago tabakoak minbizia sortzen duela. Errauskailuarekin berdin gertatzen ari da,” aipatu zuen.

Medikuen manifestua

Txingudiko eremuan errauskailua eraiki nahi zutenean, duela 7 bat urte, Gipuzkoako 400 mediku eta erizainek errausketaren aurka idatzi zuten manifestua ere erakutsi zuten hitzaldian. “Honekin errauskailuaren proiektua bertan behera geratuko zela uste genuen, baina ez zen horrela izan,” azaldu zuten.

Jendearekin solasean

San Jose eta Suberbiola medikuen azalpenen ostean, solasaldia egon zen aretoan.
Honetan, errauskailuak dituen emisioen zati bat bakarrik neurtzen dela aipatu zen, “ezagutzen ez ditugun elementuak ere badaude emisio horietan eta horiek ere toxikoak dira.”
Bestalde, Zubietako errauskailuan jarri nahi duten teknologiaz ere mintzo ziren. Frantziako teknologia erabiliko dute eta “lurralde hori da errauskailu gehien dituena. Horregatik, bertan azterketa gehien egin dira eta emisio toxiko altuenetarikoak ere haietan neurtu dira,” azaldu zuten.
Honela, errauskailuen emisio toxikoen mailak eta haien neurketak ere izan ziren mintzagai, baita errauskailuetan erretzen diren materialak ere.

Beste bi hitzaldi

Asteazkeneko hitzaldia, Errausketarik ez izenpean antolatu den jardunaldien lehenengoa da, beste biak Donostian eta Errenterian egingo dira.
Donostiako Koldo Mitxelena Kultur Etxean, azaroaren 24an, arratsaldeko 19:30ean Jesus Perez Gomez Hondakinak nola gutxitu? galderari erantzuten saiatuko da bere mintzaldian. Bigarren saio honetako hizlaria Instituto Sindical de Trabajo, Ambiente y Salud elkarteko kidea da eta hiri hondakinei buruzko hainbat azterketa egin ditu.
Jardunaldiei abenduaren 2an emango zaie amaiera hondakinak biltzeko dauden sistemei buruzko hitzaldiarekin, Errenteriko Xenpelar aretoan arratsaldeko 19:30etik aurrera. Ricardo Ortega San Marko Mankomunitateko lehendakari ohiak eta Mikel Izagirre Urnietako alkateak hitz egingo dute gaiari buruz.