19 Verdiniko dantzarien ikuskizun paregabea

jon-altuna 2010eko azaroaren 19a

Hunkigarria izan zen Verdini Dantza taldeko kideek ostiralean Kultur Etxean eskaini zuten “Dantzaria naiz” izeneko emanaldia. Dantza saioen ondoren eta batez ere amaieran txalo zaparrada beroa jaso zuten oholtza gainean izan ziren dantzari eta musikariek. Zuzeneko musikarekin dantza garaikidearen hainbat pausu egin zituzten ordu bete iraun zuen emanaldian. Oholtzan izan ziren dantzarien artean zen Nerea Astarbe Lasarte-Oriako dantzaria.

Lau musikari egon ziren “Dantzaria naiz” lanak iraun zuen bitartean oholtzan, txistua eta perkusioa, biolina, gitarra eta teklak joz. Gitarra eta tekla joleak zuzenean abestu zituzten gainera euskal kantutegiko bizpahiru abesti.
Musikari jarraituz txandaka dantzara ateratzen ziren 13 dantzariak, horietatik zazpi neska eta mutil bat Down sindromea daukatenak.
Verdini taldearen zazpigarren lanaren izenburuari kasu eginez dantzari guztiek erakutsi zuten dantzariak direla eta Kultur Etxeko aretoa ia bete zuten ikusleek euren txaloez eskertu zuten dantzarien ahalegina.
Amaieran, ikusleen txaloak beroenak zirenean lore bana jaso zuten dantzariek.