Emaitza historikoa dugu hau. Izan ere, herriko lantokian hauteskunde sindikalak egiten direnetik, hau da 1978. urtetik, lehen aldiz CCOO ez den beste sindikatu batek irabazi baititu hauteskundeak.
Orain arte CCOO sindikatuak herriko Michelin enpresako hauteskundeetan zuen hegemonia puskatzeko, bi bozka nahikoak izan dira, LABek 174 lortu baitzituen eta CCOO sindikatuak, berriz, 172 boto.
Ondorioz, hauteskunde hauetan sindikatu abertzalea langileen babesarekin enpresako lehenengo sindikatua bihurtu da.
Batzordearen delegatuak
Beraz, Michelingo Enpresa Batzordea honela geratzen da osatua, bozken arabera: LAB eta CCOO sindikatuek 5 delegatu izango dituzte bakoitzak; CSI sindikatuak hiru delegatu lortu ditu eta azkenik, UGTk eta ELAk delegatu berdinketa dute, bi ordezkari sindikatu bakoitzak.
Bestalde, ESK sindikatuak ez du delegaturik izango Enpresa Batzordean, behar adina bozka lortu ez dituelako.
Delegatu murrizketa
Hauteskunde hauetako beste datu garrantzitsua, aukeratu behar ziren delegatu kopuruaren murrizketa da.
Aurreko hauteskundeetan, duela 4 urte, 23 delegatu aukeratu behar izan zituzten. Astearteko hauteskundeetan, aldiz, zenbaki hori 17 kidera murriztu da.
Izan ere, Michelin enpresan eman den berrantolaketaren, hau da, azken urte eta erdian egin diren aurrejubilazioen eta langileak Estatuko beste fabriketara lekualdatzearen ondorioz, enpresak zituen 1500 langileetatik egun 740 besterik ez dira geratzen Lasarte-Orian.
Hau guztia kontuan izanik, duela lau urteko hauteskundeak eta aurtengoak alderatuta, CSI izan da onura gehien izan duena, 2 delegatu lortu baititu; LAB eta UGT sindikatuek delegatu bat galdu dute eta CCOO, ELA eta ESK sindikatuek bat.
LABen esker ona
Jon Martin LAB sindikatuko arduraduna pozik agertu da emaitzekin eta eskerrak eman nahi dizkie sindikatuari babesa eman dieten langileei.
“Azken 4 urteak ez dira urte errazak izan, enpresa zuzendaritzak gure lantokia erdira murriztu du horrek suposatu duen lanpostu galera handiarekin, honi azken urteetako krisi egoera baliatuz enpresak ezarri dituen malgutasun plan latzak gehitu behar dizkiogu. Egoera hauetan LAB beti egon da enpresaren nahiei aurre egiten langileen alde, eta lankideak jarrera hori babestu dute segizio posturen gainetik,” adierazi du sindikatu abertzaleak.