Urtero bezala, Zentro Zibikoko emakumeek beren harri-koskorra jarri nahi dute borroka horretan eta sentsibilizaziora eta herritarren parte-hartzera bideratutako zenbait ekimen egingo dituzte ostegun eta ostiralean.
Eguneko egitaraua
Ostegunean, genero indarkeriaren aurkako egunean, ekitaldiei hasiera emango zaie gosari batekin. Hori 11:00ak aldera izango da eta ostean, Nosotras pelikula emango dute.
Judith Collel zuzendariaren lan honetan emakume desberdinen istorioak azaldu eta nahasten ditu.
12:30ean, Nagore Vázquez psikoterapeutaren eskutik autoestimuari buruzko hitzaldia entzun ahalko dute.
Ostegun arratsaldean, aldiz, 18:00ak aldera, Zentro Zibikoaren atarian giza katea egingo dute.
Kateak lazo txuri bat irudikatuko du, genero indarkeriaren aurka Zentro Zibikoak duen jarrera adierazteko.
Antzerkia eta afaria
Ostiralean, ekimenekin jarraituz, azaroaren 26an, beste bi ekitaldi egingo dira.
Bata, Manuel Lekuona kultur etxean izango da, 19:30ean.
Honetan Zentro Zibikoko hainbat taldek Reencuentros con nuestras cosas lana eskainiko dute .
Antzerki saio berezi honetan aerobic, batuka, yoga, dantza, kantu, ipuin kontaketa eta antzerki taldeetako kideek parte hartuko dute.
Bestea, Araeta jatetxean antolatu den afari herrikoia dugu. Honetara, udalerriko emakume guztiak gonbidatuak daude.
Joan nahi duen emakume orok Zentro Zibikoan izena eman behar du azaroaren 24, asteazkena baino lehen.