Zer azalduko duzue diaporaman?
Bardeak, Garazi eta Gasteizera egin genituen irteeratan ikasitakoa azalduko dugu asteazkenean.
Zein bitxikeri aurkitu ditzakegu hiru herri horietan?
Bardeak berak, bere osotasunean bitxiak dira.
Euskal Herria berde eta hezetik hain gertu nola egon daiteke halako basamortua. Halako paisai lehor eta antzua. Haizeak eta urak nola higatu duen lurra eta zein forma bitxi hartzen dituen.
Horretaz gain, Santxikoerrotako bandiduaren ipuina ezagutu eta militarren presentzia hegemonikoa ikusi genuen.
Garaziko irteeran, berriz, azken momentura arte dudatan egon ginen joan edo ez. Ekaitza egin behar zuen eta uholde arriskua zegoen.
Baina joatea erabaki eta oso ongi etorriak izan ginen. AEKko bi irakasle izan genituen gidari eta bai euskaltegia, baita herriko taberna ere guretzat ireki zizkiguten.
Azkenik, Gasteizen kontrastea izan zen nagusi. Artiumen arte modernoa ikusi ondoren, katedrala bisitatu genuen.
Berez arkitektura erlijiosoa da, baina mendeetan zehar egindako eraikuntza da eta gaur egun, berreskuratzen ari direna.
Eta zer ikasi duzue irteera horietan?
Euskal Herriak duen paisaia ugaritasuna eta naturak duen indarra ikusi genuen Bardeetan.
Gasteizi dagokionez, hiribildua izan zela, hau da, Gaztelari aurre egiteko gotorlekua zela eta gaur egungo hiri modernoari buruz ikasi genuen.
Garazin, berriz, Donejakue bideak garai batean zuen garrantzia ezagutu genuen. Hango gotorlekua eta eliza ere ikusi genituen, baita 1.600 urte inguruko etxeak ere.
Gainera, bertako berreuskalduntzearen berri eman ziguten AEKko lagunek.
Honela hauek guztiak gertuko lekuak badira ere, zer duzue berezia erakusteko?
Hain zuzen ere, gertukoa duguna, askotan ezezagunena dela eta gauza ederrak dauzkagula inguruan.
Izan ere, sarritan urrutikoaz gehiago dakigu gureaz baino.
Zein helbururekin antolatzen dira irteera hauek?
Gure ingurua ezagutzekoa nagusiki, baita bisitatzen ditugun lekuen historia, pertsonaiak edo gertaerak ere.
Nola lortzen duzue hori?
Aukeratu dugun lekueko bertako norbaitekin harremanetan jartzen gara.
Txangoaren egunean, hara joan eta kontakizun edo historiaren berri hark ematen digu.
Eta jendea animatzen al da horrelako irteera bereziak egitera?
Beno, gure irteerak ez dira oso jendetsuak. Gehienetan jende berdina dator, familian ibiltzen gara. Baina gustura.
Ikasturte honen lehenengo irteera Leitzaranera egin zenuten, hurrengo irteeren berri ematerik ba al duzue?
Urtarrilean, Segura eta Zerain aldera egingo dugu eta otsailean, gauza berezi bat egin nahi dugu Lasarte-Oriatik atera gabe.
Gainera, aldaketa bat dugu, aurtengo irteerak egun erdikoak izango dira. Ea jende gehiago animatzen den.
Aipatu duzun Leitzaraneko txangoa horrelakoa izan zen eta 20 bat lagun bildu ginen Andoaingo Burdina taldearen lana ezagutzeko .