Leku berri bat, baina betikoentzat

itxaso-moreno 2010eko azaroaren 22a

Kale Nagusiak eta Goikalek bat egiten duten bidegurutzean historia handiko eraikina zegoen, Lizarriturrienea. Bertan alpargategiaz gain, Juanito taberna zegoen. Eraitsi eta egun edifizio modernista batean bihurtu da, eta bertan taberna horren jabearen biloba den Arantxa Usarbarrena eta bere senarrak, Iñaki Mendok Lasarte Taberna ireki dute. Taberna modernista baina antzinako historia gurera ekarriko duena.

Ormazabal familiaren Lizarriturri-enea 2007ko maiatzaren 21an eraitsi zenean, Lasarte-Oriaren parte bat bota zen berarekin. Jende ugarik ezagutu du edifizio hori. Bertan lokal komertzialak zeuden “espartigintza bat, mertzeria, oihal denda, gasolindegi bat eta nire aitona eta amak eramaten zuten taberna” azaltzen digu Arantxak.
Tabernak lorategi batera zeukan sarbidea, Kale Nagusia eta Goikale kalea elkartzen diren puntuan, eta hor Ormazabal anaiak akordeoia jotzen zuten “dantzaldiak ere antolatzen ziren” gaineratzen du. Familia berak eramaten zituen negozio guztiak, arazo urbanistiko eta sarbide arazoak sortu arte “gasolindegia etxebizitzetatik oso hurbil zegoen, hiri-barneko zoruan eta bota beharra zegoen” adierazi digu Iñakik.

Estilo modernoko eraikina

Lizarriturri-enea beraz, bota egin zen eta horren ordez arkitektura modernistarekin eraikin berria egin zen “gainera Goikale kalea oinezkoentzako utzi zen eta traba arkitektonikoak desagertu ziren” azaldu du Arantxak.
Eraikin berrian sortutako lokal batean antzinan egondako tabernaren omenez “Lasarte taberna deituriko negozioa irekitzea pentsatu genuen” azaldu du Iñakik. Tradizio familiarrarekin jarraituz, “nire familiak beti izan du puntu honetan negozio bat eta polita iruditzen zitzaidan ideia” esan digu Arantxak eta zera gaineratu, honengatik guztiarengatik “eta nire senarra ostalaria izanik abentura berri honetan sartu ginen”.

Jalaitik Lasartera

Orain dela 25 urte, Iñaki Mendoren aitak Jalai taberna ireki zuen eta bertan egon zen lanean. Baina esperientzia horren ondoren, “proiektu berri batean ontziratu naiz. Hala ere familiakoekin pasa ditudan urte horiek ez ditut ahaztuko, baina orain bakarkako etapa batean murgiltzeko garaia iritsi zait” azaldu digu Iñakik.
Arantxarentzat aldiz ostalaritzarekin izango duen lehenengo hartu emana izango da Lasarte Taberna, “nobedadez jositako bidaia” bere iritziz.

Argi eta garbi, Lasarte

Herriaz harro sentitzen direlako eta biak lasarteoriatarrak direlako ez zuten dudarik izan tabernaren izena bilatzerakoan. Normalean, tabernak tematikoak izaten dira “eta oraingoan Lasarte bera izango da gure tabernaren gaia”.
Gainera, Juanito Ormazabali omenaldia egin behar ziotela argi zeukaten: “sukaldaria izan zen, oso ona gainera, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun tabernan irudikatzea, horregatik, pareta osoa hartzen duen argazkian sukaldariz jantzia ageri da” komentatzen digu Arantxak.
Antzinako gauzak eta modernitatea elkartu nahi izan dute “1910.eko argazki batzuk jarri ditugu beheko solairuan. Dekorazioa Alfonso Morenoren laguntzarekin egin dugu” dio Arantxak. Dekorazio xehea baina erakargarria.
Honetaz guztiaz gain, langile guztiak herrikoak direla ere jakinarazi digute.

Goiz goizetik irekita

Goizeko 5:30etan hasiko dira martxan Lasarte tabernakoak. Bokata beroak, goizeko ordu horietan berotzeko “eta garrantzitsuena publiko guztientzako gustukoak” diote.
Pintxo barietate zabala egongo da ezarri duten barra luzean eta asteburuetan “pintxo bereziak izango dira gure apostua” gaineratzen dute.
Honetaz gain, platerak ere egongo dira, baina bereziak “eta guztiak 10 eurotan, prezio onean, beraz”.

Bidai baten hasiera

Abentura berria hasi zen beraientzako larunbatean “bidai honetan barneratzen lagundu diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”. Ongietorri Lasarte Taberna!!