Elespe proiektua handitzen doa

Txintxarri Aldizkaria 2010eko azaroaren 24a

Astelehenean, Lasarte-Oriako Udalak Hijos del Maiz elkarteko eta Nejapako Froilan Elespe proiektuko ordezkarien bisita izan zuen.
“Guretzat zaindu behar den proiektua da. Froilan Elespe El Salvadorrera joan eta hona etortzean, laguntza behar zutela esan zuen. Geroztik, hango herria laguntzen ari gara” azaldu zuen Jesus Zaballos alkateak.
Honela, Ricardo Gayol Hijos del Maiz elkarteko ordezkariak eta Noe Renderos Nejapako gazteak, besteak beste, aurten 40.000 euroko laguntza izan duen proiektuaren berri eman zieten udal ordezkariei.

Nejapako egoera

“2002. urtetik hona, hilketa eta biolentzia kasuen zenbakien igoera handia izan da” azaldu zuten.
“Nejapako herria gaztea da, biztanleriaren bi herenak 30 urte baino gutxiago ditu. Langabezia handia dago eta hezkuntza izateko zailtasun handiak ditugu, gazteen %17ak ikasketak jarraitzen ditu seigarren mailara iristean eta %1a unibertsitatera iristen da. Langabezia tasa bikoitza da gazteetan eta emakumeek zailtasun gehiago dituzte lana aurkitzeko” gaineratu zuten.
“Emigranteek bidalitako diruarekin bizi dira gehienak. Horregatik, emigratzea da ametsa eta hori egiten ez dutenek, pandiletan sartzen dira dirua lortzeko”, adierazi zuten.

Proiektua

Horregatik, Hijos del Maiz elkartea eta Procomes erakundearen bitartez, Nejapako komunitatean gazteak biolentziatik urrundu eta etorkizuna emateko ari dira lanean.
Horretarako, Froilan Elespe Eskola ireki zen 2002. urtean Nejapako Casco Viejon.
“Honetan, tailerrak egiten dira, informatika, dantza, bideo ikastaroa, etab. Lan munduan sartzeko tresnak ematea ere helburu dugu. Gimnasio txiki bat dute eta kirol txapelketak ere antolatzen ditugu,” azaldu dute.
Honetaz gain, ingurumenaren aldeko hezkuntza eta gazteen lidergoa ere lantzen dute, “gazteentzako etxeetan batzordeak sortzen dira eta haiek zuzentzen dituzte”.
Baina gaur egun, eremuko beste komunitate batzuetan ere gazteentzako etxeak ireki dituztela azpimarratu zuten, “egun ez dugu guztia eskola batean egiten, deszentralizatu egin gara. Garraio ezagatik jendeak ezin zuen Casco Viejoko eskolara hurbildu. Horregatik, lau gazteentzako etxe ireki ditugu komunitate desberdinetan”.
Gauzak honela, “1.725 gazte baino gehiagok parte hartu dute gazte etxeetako ekintzetan” eta zenbaki hori bikoiztu nahi dutela jakinarazi zuten. Horretarako, etorkizunean Lasarte-Oriaren laguntza izatea espero dutela ere adierazi zuten.
Azalpenak amaitzerakoan, Nejapako gazteen oroigarriak eman zizkieten Lasarte-Oriako alkateari.

Erakusketa

Honetaz gain, kultur etxeko erakusketa aretoan Nejapan egiten duten lana erakusten duen argazki erakusketa ere bisitatu zuten.
Argazkiez gain, Nejapako gazteek eskulangintza tailerretan egiten dituzten gauzak ikusi eta erosi daitezke.
Erakusketa hau azaroaren 30era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 21:00etara.