Hau eta hura berritu nahian gabiltzan garai hauetan, berrikuntza deitu daitekeen gurpildun zera bat dabil Lasarte-Orian zehar azken hilabeteetan. Berrikuntza bat da guretzat, baina aspaldikoa ere bada herri handiagoetan: autobus urbanoa.
Lasarte-Oriako Udalak ipini duen zerbitzu publiko hau erabiltzen dugunok oso gustura gaude berarekin, eta zertan hobetu ere badauka.
Gustura gaude zerbitzu publiko honekin arrazoi askorengatik. Horietako batzuk hauek:
· Herriko zerbitzuak eta baliabideak hurbiltzen dizkigulako herriaren erdigunean bizi ez garen herritarroi (osasun zerbitzuak, ikastetxeak, kultur etxea, udaletxekoak, kiroldegia, dendak, beste garraiobideak -trena...-).
· Erdigunean bizi direnei inguruetako lekuetara hurbiltzen dituelako (hilerria, Santa Barbarako zirkuitua...).
· Edadekoei zein gaztetxoei modu autonomoagoan ibiltzeko aukera ematen dielako.
· Kotxerik gabe bizitzen ikasteko aukera ematen digulako, eta herrian bueltaka dabilen kotxe kopurua pixkat behintzat gutxitu ahal duelako.
Abantaila ugari dituen zerbitzu komunitario ederra da auzoetarako autobusa. Pixkanaka ari gara erabiltzen ikasten, eguneroko ohiturak aldatzea ez baita di-da batean egiten. Horretan jarraituko dugu: auzoa herrira, eta herria auzora hurbiltzen!
Kontxesi Berrio-Otxoa