Bi film labur Lekeitioko zine jaialdian

jon-altuna 2010eko azaroaren 26a

Lasarteoriatarrek egindako bi film labur, Lekeitioko XXXIII. Euskal Zine eta Bideo Bileran parte hartzen ari dira, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en DVDko "Teranga-Senegal" eta Kukuka, Antzerki eta Dantza Eskolak aurkeztu duen "A ze kuadrilla, amonak eta hila!". Isabel Fernandez de Agirrek grabatu eta muntatu ditu bi pelikulak, Mertxe Rodriguezek bietan parte hartu du eta biek azaldu digute nolakoak diren Katxiporretak eta Kukukak aurkeztutako film labur hauek.

Asteartean eman zuten Lekeitioko Zine eta Bideo Lehiaketan "A ze kuadrilla, amonak eta hila!" pelikula eta asteazkenean "Teranga-Senegal". Biak, beste 25 pelikula amateurren artean lehiatuko dira.
Antzerki Eskolan Mertxe Rodriguezek duela zortzi urtetik zuzentzen duen taldeak prestatu eta egin zuen "A ze kuadrilla, amonak eta hila!" 22 minutuko pelikula, Antzerki eta Dantza Astean aurkezteko. Antzerki taldea duela bi urte hasi zen jada kamerarekin jolasean, eta iaz. 2009-2010 ikasturtean, film labur bat egitea erabaki zuen erdi txantxetan. "Aktoreei kamara aurrean agertzea gustatu zitzaien, esperientzia berri bat zen, eta pelikula egitera ausartu ginen" kontatu digu Mertxe Rodriguezek.
Zortzi urtetan elkarrekin ibili eta gero esan daiteke lagun koadrila osatzen dutela taldeko zortzi emakumeek, "familia bat" dio Mertxek. Isa Fernandez-en iritziz, "saltsera hutsak dira gainera denak, beti gauza berriak egin nahian, ez dira gelditzen". "Oso emakume jatorrak dira" borobildu du Mertxe Rodriguezek.
Mertxe bera, zuzendari baino taldeko bat gehiago sentitzen da: "Eskola sortu zenean, talde bat hartu nuen nik, besteek baino esperientzia gehiago nuelako. Antzerki klaseak ematen nituen pailazoekin hasi aurretik eta. Horrela hasi ginen eta horrela jarraitzen dugu".

Talde-lana

Pelikularen gidoia taldeak berak egin zuen: "astero biltzen ginen mahai baten inguruan, tortilla baten aurrean, eta hortik atera zen" kontatu digu Mertxek. Grabatzera aste buru pasa joan ziren denak elkarrekin, Palentziako Baltanas herrira, laguntzaile mordoxkarekin batera, tartean Edu Galardi kamera Isa-ri laguntzeko. Honek adierazi zigunez, "film bukaerako casting-a ikusiz gero superprodukzioa dirudi, laguntzaile asko izan genituen".
Esperientzia berri bat izan zen pelikula Isa Fernandez de Agirrerentzat ere. Ordura arte ez zuen horrelakorik egin, telebistan egin zuen lan, Goenkale grabatzen, 14 urtez, kamera eta errealizazio laguntzaile. Dena den, aurreko esperientziak lagundu dio lan berri hauetan.
Grabaketa guztiak bezala "gogorra" izan zela dio Mertxek, izan ere, asteburu bakarra zuten. Batez ere, herriko zaharren egoitzan aritu ziren. Isak azaldu digunez, "ikusi zen zein gogoa zegoen hori aurrera ateratzeko". Hotza edo gaua ez ziren eragozpen izan. "Goizeko zazpietan hilerrian, bi gradurekin, kristoren hotza, eta han,..."

Ongi etorria kritikari

Taldean erabaki zuten Lekeition aurkeztea eta Zaragozan emakumeek egindako Film Topaketa batean ere aurkeztu dute, euskaraz gaztelerazko azpitituluekin. Behin ausartu eta gero, ez dira kritiken beldur: Mertxeren iritziz, "guk badakigu zeintzuk garen, nola egin dugun, eta kritikarik baldin badago ongi etorria izango da hurrengo baterako, ze hurrengo bat egongo da segur aski".
Aurten aktoresen taldeak egingo duenaren berri ere eman zigun Mertxek: "gauza polit bat ari gara prestatzen. Isak kamera alde batera utzi eta eszenatokira igoko da. Antzerkia da, baina abestu eta dantzatu egingo dugu eta kamera momentu konkretu batzuetan erabiliko dugu". Aurten ere argumentua eurak prestatzen ari dira, soilik emakumeek parte hartzen duten lanen bat bilatzea ez da erraza eta. Dena den, Pablo Barriok lagunduko die testuarekin eta Aitor Atxegak musikarekin.

Senegaldarrei buruz

Lekeitioko lehiaketan den beste filma, "Teranga-Senegal", Euskal Herrian bizi diren Senegaldarrei buruzko dokumentala, Pirritx eta Porrotxen DVDrako grabatu zuten, baina asko gustatu zaienez, Lekeition aurkeztu behar zutela sentitu dute: Isaren ustez, “zoragarri geratu zela eta konpartitu behar genuela pentsatu genuen, ez dadin DVDan soilik geratu. Gainera, Lekeitioko Zinemaldiak ibilbide luzea du: 33. aldiz antolatu den euskal bideo eta zine jaialdia da, eta beraz toki aproposa gurea bezalako lanarentzat". Mertxe Rodriguezek zehaztu zigunez, Ondarruko Senegaldarrekin diskorako kanta bat grabatu eta gero pentsatu zuten polita litzatekela beraiei buruzko erreportajea ere egitea.
Gizakien Lurra Gobernuz Kanpoko Erakundeko bolondresa da Isa Fernandez eta bertara proiektua ezagutzera joan zenean, bide batez, irudi batzuek grabatu zituen eta hemen bizi diren Senegalgoei buruzko erreportajean erabili, "hemen eta haien herrian nola bizi diren ikusteko". 17 minutuko erreportaje eta bideo klipa egin zuten azkenik.

Lan amateurra

Amateur mailako lehiaketan aurkeztu dituzte bi filmak, Isa berak azaldu digunez, ez dutelako bitarteko profesionalik erabiltzen muntaiak egiterakoan.
Katxiporreta taldeko ikus-entzunezkoen arduraduna da Isa Fernandez, pailazoen kamera ofiziala, beraz. "Ez da kamera bakarrik, errealizadorea ere bada, muntaiak egiten ditu, argiztapenak, soinua,..." zehaztu du Mertxek.
Zeregin horretan oso gustura ari dela dio Isak. "Aukera zabala ematen dit. Lan eta erreportaje ezberdinak egiteko aukera, jende asko ezagutzeko aukera,... Beti aldatu eta hobetu nahi dugu. Web orrialdera bideoak igotzen ditugu eta gauzak egiteko aukera handia dugu".
Bestalde, Edu Galardi eta biek gustura grabatzen dituzte herriko kultur ekitaldiak. Isa Fernandezek zera adierazi digu: "artxiboan zenbat gauza dauden ikusita, konturatzen gara zein garrantzitsua den guzti hori jasota edukitzea: nola janzten zen jendea, zein gauza egiten ziren, nolakoa zen plaza,..." Zalantzarik gabe altxor handia daukate jasota.