Iñaki Racamondek garaikurra eskuratu zuen berriro ere

Txintxarri Aldizkaria 2010ko aza. 26a, 01:00

Maiatzetik urrira, Euskadiko Mendi Igoeren txapelketa burutu da. Zazpi proba egin behar izan dituzte parte hartzaile guztiek, Udana, Gorla, Aia, Urkiola, Antiguakoa, Leintz Gatzaga eta Urrakiko igoerak.
Azken honetan, urriaren 24ean, jakin ziren maila desberdinetako garaileak eta horietako bat izan zen, Iñaki Racamonde lasarteoriatarra.
Era honetara, bigarren urtez jarraian, lortu du herriko gidariak Euskadiko Mendi Igoeren txapela.

Matematikoki irabazle

“Gure mailan 4 edo 5 kotxe gabiltza lehian eta jende indartsua dago. Gauzak zailtzen dizkidan herriko besteren bat ere badago,” azaltzen digu.
Hala ere, Klase-1 mailakoen artean, Racamonde irabazle izan da bi probatan eta beste bostetan bigarren postua eskuratu du.
Honela, Urrakiko proba baino lehen, Iñakik bazekien bere mailako irabazle izango zela, “matematikoki Leintz Gatzagako proba irabazi ostean, bagenekien aurtengo txapelketa nirea izango zela.”
Hau guztiagatik, gidari lasarteoriatarra oso kontent dago aurtengo denboraldiarekin, "denboraldia zehar guztia primeran joan da. Autoak ez du arazorik eman eta ni ere oso ondo ibili naiz. Oso gustura."

Lehia handirik ez

Hala ere, aurtengo lehiaketa errazagoa izan dela aipatu digu, “aurten ez da iazko lehia egon, azken momentura arte kotxe guztiak berdin ginena. Desberdina izan da. Denboraldi hasierako lasterketetan lehia handia izan zen. Baina, lehiakideetako batek istripua izan zuen eta ez du beste igoerarik egin. Gainera, iaz lehiatu zen Ax bat ere, nirea baino hobeto prestatua, ibili da lasterka, baina horrek aurten bi proba besterik ez ditu egin.”
Era honetara, “erregulartasunez eta pixkanaka errenta lortuz,” Iñakik bere mailako garaikurra lortu du.
Hala ere, Racamondek oraindik ez du saria bere eskuetan, “abenduan Euskadiko automobilismo federazioak antolatzen duen ekitaldian emango didate trofeoa,” azaldu digu.

Proba ezagunak

Euskadiko Mendi Igoeren txapelketan lehiatu dituen probak ezagunak ditu Racamondek, “iaz proba berdinak egin genituen, Leintz Gatzagako izan ezik,” eta gogokoena Urrakiko igoera duela onartu du, “mitikoa da. Aurten, hala ere, ez da errepidea egoera onean egon euriagatik. 7 kilometroko bidea da eta bihurguneak eta azkar eta mantso joateko eremuak dituzu. Oso gustuko dut. Arratekoa ere proba polita da, baina aurten ezin izan da proba hori egin.”

Eskerrak

Honetaz gain, Racamondek eskerrak eman nahi dizkie garaipen hau posible egin duten guztiei, familia, ezagun eta, noski, Maite ileapaindegia, Corbatas taberna, Jalai taberna, Landare karrozeriak, Talur Service, Mus rotuloak eta Iglesias Sport babesleei. “Haiek gabe ezingo nuke parte hartu,” azpimarratu du Racamondek.