San Pedro jai bereziak ospatzen

Txintxarri Aldizkaria 2010eko azaroaren 28a

Jaiak jendearekin biltzeko garaia delako, aurten, Jalgunekoek sanpedroak irudikapetu zituzten Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtzan. 100 parte hartzaile inguru eta adin guztietakoak, aurtengo IV. edizioak gazte talde honek babes zabala duela erakutsi du.
Izan ere, oholtzan ez ezik, aretoan ere herritar ugari bildu zen gazte talde honek ilusioaz prestatzen duen jaialdia ikustera.
Jai guztien legez, Jalguneko San Pedro jaien hasieran ez zen txupinazoa falta. Irudikatutako Udaletik, Jalguneko logoa den krokodiloaren jaitsiera egin zuten, Zeledonen antzera.
Buruhandiak jende artean ibili ziren eta erromeria eta kalejirak ikusleak dantzan jarri zituen.
San Pedro jaietan ohikoa den Oria ibaiaren jaitsiera ere ez zen falta eta Jalguneko lagunek, bideo-montai baten bidez, ibaian murgildu zituzten ikusle guztiak.

Jaietako giroa

Semblante Andaluzek ez zuen hitzordura huts egin eta Andaluziar doinuak ekarri zituzten jaialdira eta Jalguneko kideek ederki dantzatu zituzten sevillana batzuk.
Jaietan kaleko giroa ezin falta. Horregatik, kaleko saltzaileak ere saiora gerturatu ziren. Eta noski, mozkorrak ere agertu ziren oholtza gainera.
Jaietako ekintzekin jarraituz, Orkestra Top Jalgunek dantzaldia ekarri zuen aretora eta bertan paquito el chocolatero doinuak ez zuen huts egin.
Kaleko ikuskizunak, antzerkia, salsa eta merenge dantzaldiak eta su artifizialak, herriko jaietako egitarauan aurkitu ditzakegun ekitaldietako batzuk lekua izan zuten larunbatean kultur etxeako areotan.
Zezen sustoak ere bisita egin eta etxeko gaztetxoenak zezenaren adarretatik ihes egiten ikusi genituen oholtza gainean.

Agurra eta eskerrak

Eta nahiz eta jaiei amaiera eman, Jalguneko lagunek abesti eta dantza sorta ederra eskaini zituzten, parte hartzaile guztiei bihotzez eskerrak eman eta jaialdia amaitutzat eman baino lehen.