Donostialdeko Lurralde Zatiko Plana porlanaren aldeko apustua

Txintxarri 2010eko azaroaren 29a

Donostialdea-Bidasoa Beheko Lurralde Zatiko Planari alegazioak egiteko epea bukatzear dago, Eguzkik plan hori gaitzesten duela jakinarazi nahi du. Izan ere, erakunde publikoetatik bultzatzen duten hormigoizko eta asfaltozko garapen ezin eutsizkoaren beste adibide bat baino ez dela iruditzen zaigu. Garapen eredu horrek, kasu honetan, proiektu jakin batzuk ditu oinarri, AHT eta Superportua, alegia. Eta proiektu horiek herritarrei kosta ala kosta inposatu nahi zaizkie, gehienek eskatzen ez dituzten arren eta askok eta askok espresuki arbuiatzen dituzten arren.
Ezer baino lehen, argi eta garbi zera esan behar da: LZP honek, teorian antolatzeko tresna bada ere, ez du ezer ere antolatzen; aldez aurretik hartutako erabaki jakin batzuei babes administratiboa ematen die, ez besterik.
Izan ere, ordenazioa AHT-k eta Superportuak ezartzen dute, de facto. Horien arabera "antolatzen" dira gainerako guztiak. Horra, adibidez, Lezo-Gaintxurizketan aurreikusten den plataforma logistikoa. Plataforma hori Superportuari eta AHTri begira dago, AHTk, dakigun bezala, merkantziarik garraiatuko ez duen arren.
Zubietako kasuak ere argiro erakusten du planak, antolatu beharrean, aldez aurretik hartutako erabakiei babesa ematen diela. Zubietan errauskailua, kartzela eta beharbada Gipuzkoako industrialderik handiena koka daitezkeela nonbait erabaki dute eta planak horixe berresten du, ez besterik.
Urumea behin betiko suntsituko dute. Alde batetik, AHTren geltokia eraikiko dutelako eta horretarako ibaia desbideratu ere, eta bestetik, Donostia, Astigarraga eta Hernani bitartean, 20.000 etxebizitza berri aurreikusten dituztelako.
Eta errepide berriak ere aurreikusten ditu planak, jakina. Donostiako Bigarren Ingurubidearen irekiera dela-eta, Eneko Goia diputatuari entzun berri diogu Gipuzkoako sarea osatuta zegoela. Egia esan, berak baino lehen postua okupatu zuten beste batzuei ere horrelakoak entzun genizkien. Bada, plan honek, beste hainbat errepideren artean, Bigarren Ingurubide horixe Iruneraino luzatzea aurreikusten du.
Irun aipatu dugula aprobetxatuz, planak Irunen bertan, Olaberrian, zentral termiko bat eraikitzea ere aurrekusten duela esan beharra dago.
Ingurune naturala, berriz, hormigoiaren menpe geratzen da, ohi bezala. Paraje jakin bat babesten dutenean ere, ez dute babesten berezko natur balioa duela uste dutelako, bertan jartzeko hormigoizko proiekturik oraindik ez dutelako baizik.
Horrela gauzak, plan honek auzoen artean eta, are, udalen artean ere argi gorriak piztu izana ez da harritzekoa. Udalek, gainera, plan honen bidez beraien autonomia baldintzatu nahi dutela ikusten dute. Beraien udalerriak antolatu nahi dituzte, baina antolaketa beraiekin adostu gabe.
Udalak alegazioak aurkezten ari dira. Hernanin, Irunen, Oiartzunen eta Lezon, behintzat, hainbat herritar ere planaren aurkako sinadurak biltzen hasi dira.
Gauzak horrela, Donostialdea-Bidasoa Beheko Lurralde Zatiko Plana atzera botatzeko eskatzen dugu Eguzkikoek.

Juan Mari Beldarrain
Eguzkiko kidea