Nola sortu zitzaizuen Georgiara joateko ideia?
Duela hiru urte genuen joateko asmoa, baina orduan Georgiak arazoak izan zituen, Errusia sartu zen. Pendiente genuen gauza zen. Gainera, erakartzen gaituen eremua da.
Nondik ibili zarete zehazki?
Eremu desberdinetan ibili gara eta bidaia martxan moldatuz. Gure patxadarekin, lau astez, ekialdea, iparraldeko pare bat eremu eta Itsaso Beltza ikusi ditugu. Armenian ere aste bete egin genuen.
Izan ere, bertara iritsi eta konturatzen zara zuk etxetik daramazun ideia egiteko aukerarik ez dagoela, uste baino zailagoa dela edo hori egiteko denbora gehiago eramaten duela.
Beraz, hango garraioetan ibili zarete?
Bai. Hango garraio publikoa furgonetak dira, oso erosoa da, maiztasuna dute eta oso erraza da garraioa aurkitzea. Oso merkea ere bada.
Bestela, mendi aldera joateko, esate baterako, errepide txarrak direnez, 4x4ak behar dituzu. Trenen bat ere hartu dugu, baina bestela bertako garraioetan ibili gara.
Gainera, zuena ez da turismo bidaia izan, ezta?
Horrela da. Guretzat bizipenak izan eta jendea ezagutzea izan da.
Bagenekien mendi aldean paraje izugarriak ikusiko genituela eta horrela izan da. Baina garrantzitsuena bizipenak izan dira eta, batez ere, jendea. Georgiarrek jarrera oso ona zeukaten.
Nola lortu dituzue bizipen horiek?
Ez gara presaka ibili eta itxaroten jakin dugu. Egun batzuk geratzen bazara, jendea gehiago gerturatzen zaizu eta haien denda batean hirugarren egunez sartzean, kuriosidadea pizten duzu.
Gainera, familiekin bizitzen egon gara. Oso erraza da lo egiteko lekua aurkitzea. Hara iritsi eta norbaitek ematen dizu leku baten berri edo norbait dator zuri eskaintzera. Oso erraza eta prezio onean.
Honela, baserritar batzuen etxean ginela, Kaukasoko parajeak ikusten genituen ilunabarretan eta egunsentian. Sekulakoak ziren.
Orokorrean, harrera ona izan dugu eta hizkuntza aldetik zailtasun batzuk.
Izan ere, zein hizkuntza erabiltzen dute?
Georgieraz hitz egiten dute eta gehienek errusieraz badakite. Hogeita hamar urte baino gehiagoko jendeak errusiera hitz egiten du eta gazteek ingelesa.
Gu errusierazko hitz gutxi batzuekin moldatzen ginen, eguneroko gauzetarako erabiltzen dituzunak.
Georgiatik azpimarratuko zenuketen zerbait...
Oso erlijiosoak dira. Asko harritu gaitu horrek eta gazte jendea ere bai.
Eliza edo ermita txiki baten aurretik autobus guztiak aitaren egiten zuen, gazteak, zaharrak...
Gainera, erreferentzi bat eskatzean, erlijio eta eliza aipamenak beti egiten zituzten.
Gu ez gara oso elizkoiak, baina haiekin ibili garenez. Eramaten utzi gara, haiek momentuan erabakitakoa eta elizek garrantzia handia daukate haientzat.
Orduan, monastegiak ikusiko zenituzten?
Kristautasunarekin lotura daukaten monastegi zaharrenak Armenian eta Georgian daude.
Monastegiak baino, kokapenak oso politak dira, puntu altuak, bailarak kontrolatzeko.
Ikusi ditugun fraileek, bizitza isolatua dute. Pena da ezin duzula asko galdetu.
Gainera, errusiarrak historia guztia borratzen edo txikitzen saiatu direla ikusi dugu. Apurtzen ez bazituzten, irudiak zuriz margotzen zituzten. Orain horiek berritzen ari dira eta eliza berriak egiten.
Armenian ere egon zarete...
Armenian denbora gutxi genuela kontziente ginen Erevanera, hiriburura joan eta eskaintzen zituen gauzak ikusi genituen. Aste betean ez genuen, guztia ikusiko. Irteera pare bat egin genituen, genozidioaren museora, etb.
Erevanek harritu gintuen, herrialdetik oso desberdina delako. Hiriburura gindoazela, lautada horia eta lehorrak, animalien txabolak... ikusi genituen eta Erevan modernotasun handiko hiria da, hemengo dendei irekia.
Herrialdeko biztanleriaren herena bertan bizi da, beraz lautadan jenderik ia ez da bizi.
Bidaian bitxikeriarik izan al duzue?
Bai, euskaldunak ginela esan eta poztu egiten ziren.
Gu bidaia prestatzen hasi ginenean Armenia edo Georgia ez genituen ezagutzen, hiriburuak, mugak,... begiratu genituen eta joan garenean haiek gutaz gehiago dakitela konturatu gara.
Euskal Herria ezagutzen dute eta anaitzat hartzen gaituzte. Haiek garbi daukate gu handik gatozela eta gure jatorria hori dela eta anaitasun eta elkartasun handia adierazi ziguten.
Bidaiaren zein irakurketa egingo zenukete...
Oso aberatsa izan da, batez ere, jendearen aldetik. Jendearekin sentitu dugunagatik.
Ez dugu eduki jendearekin, ezta egoera txar bat ere. Eta une oro inprobisatua egin dugu. Tentsio puntu minimo bat ere ez dugu izan.
Zer gustatu zaizue gehien?
Kaukasoan naturak duen indarra, mendiak eta daukaten eskala eta hor barruan kokatuta dauden herri txiki horiek eta bertako jendea oso atsegina dela. Gainera, gaur egungo bizimoldetik guztiz deskonektatuak daude. Mendia gustatzen zaion pertsona batentzako leku aproposa da.
Gustatu zaigun beste gauza bat zera da, turismo gutxi zegoela. Masako turismorik ez da topatzen, bikoteak edo talde txikiak dira eta turismo egiteko era desberdina da.
Guk askotan aurretik ez genuen familia lotzen, iritsi eta bagenekien lekua izango genuela nonbait lo egiteko ez dagoelako halako turismo mugimendurik. Herria lasaiago dagoenean ikusiko da.
Aurkitu ditugun turistak poloniarrak, ekialdeko jendea eta israeldarrak izan dira.
Gainera, poloniarrekin aurkitzea guretzako primerakoa zen. Haiek errusiera eta ingelesa hitz egiten zuten, haiekin joan eta gauza gehiago ikasten zenituen.
Bueltatuko al zinatekete?
Urte gehiago biziko bagina, seguru bueltatuko ginatekeela. Ezagutu ditugunak ikusteko, izan ere, Georgiatik ateratzeko zailtasunak dituzte.
Baina beroan hori pentsatzen duzu, gero hainbeste leku dago ikusteko.
Armeniara agian. Baina azpiegitura gutxi ditu, ez dago ia turismorik, joaten dena Erevanea doa hiriburura.
Mentalizatuta joan behar da. Ze ikusitakoaren arabera, ez da oroigarriak aurkitzeko lekua. Familien etxeetan egin beharko duzu lo eta mugitzeko ere...