Udal Euskaltegiko Pintxo Lehiaketan urtero bezala ikasleek pintxo original eta goxoak prestatu zituzten euren geletan. Aurkezpen dotorea zuten pintxoek, tartaleta, tomate beteak, ogi gainekoak,... denetarik egin zuten ikaskideek taldean eta zaporeetan ere ugaritasuna nabari zen. Guztiak saiatu ziren sukaldaritzan duten trebezia erakusten.
Hamar pintxo izan ziren lehian goizean eta beste hamar arratsaldean. Beraz hamarna pintxo dastatu zituzten epai mahaikoek, goizean Aitzol Zerain eta Asier Gorostegi Ttakuneko Bulegoko langileak eta arratsaldean Alex Ramos eta Marian Bueno Solaskide ekimeneko partaideak.
Pintxo guztiak dastatu eta gero, deliberatzera erretiratu ziren epaimahaikoak eta tarte horretan gela bakoitzeko ordezkari batek pintxoaren osagaiak eta egiteko modua azaldu behar zituen besteen aurrean, sukaldaritza eta euskara uztartuz.
Horrela sukaldaritza arloko terminologia eta esamoldeak landu zituzten ikasleek. Ondoren, bai goizean bai arratsaldean epai mahaikoek euren erabakiaren berri eman zuten.
Esan bezala goizeko irabazlea “Txalupatxo Goxoa“ izeneko pintxoa izan zen eta arratsaldekoa “Udazkeneko Gutizia”. Bonboi kaxa bana jaso zuten sari gisa irabazleek, baina hori gutxienekoa da, handia da eta horren harrera ona duen lehiaketaren irabazlea izatea. Sari banaketaren ondoren pintxoak probatu zituzten guztiek.
Txalupatxo goxoa
Goizeko irabazlea, Txalupatxo Goxoa izan zen, rokefor eta filadelfia gazta, intxaurrak, perexil eta piperbeltz apurtxo bat eta modena karamelizatua zeukan pintxoa. Egiteko, rokefor gazta xehetu, orea egin, berotutako filadelfia gaztari gehitu, dena ondo nahastu eta gazten nahasketari intxaur xehetuak, perrexil txikitua eta piperbeltza bota. Hau endibia hosto gainean jarriko da eta apaintzeko intxaur puskak bat eta modena karamelizatua.
Udazkeneko Gutizia
Ogi xerra, ahuntz gazta, tipula, azukrea, intxaurra eta modena karamelizatuarekin egin zuten arratsaldeko irabazlea. Hasteko, tipula karamelizatua prestatu behar da, tipula "juliana" eran ebaki eta zartagin batean su motelean egin gorritu arte, azukrea erantsi eta pare bat minutu gehiago eduki sutan dena nahastuz. Ogiaren gainean ahuntz gazta xerra jarri, honen gainean tipula goxatua eta apaintzeko intxaurra eta modena.
Zorionak irabazlei eta on egin guztiei!