Larunbatean, Goiegi jatetxean, omenaldi berezia egin zitzaion eta gure herrian eta honetatik kanpo euskararen alde egin dituen gauzak ezagutu zituzten ekitaldi honetara bildu ziren herritarrek.
Omenaldia
Horretarako, Ttakun itsas bidaietako itsasontzi berezian sartu ziren guztiak.
Omenaldiko aretoan sartu baino lehen, bidai hasierako argazkia atera zuten itsasontziko tripulaziorekin eta hau hondoratuz gero, tripulazioak azaldutako hartu beharreko neurriak ere adi entzun zituzten guztiek.
Zuaznabar ahizpek jotako txalapartaren doinuak, Agusen merituak azaltzen zituen bideoaren aurrekari izan ziren.
Honetan, Edu Galardi eta Isa Fernandez de Agirrek, Agusen lagun eta ezagunak bildu dituzte.
Hauen testigantzek eta garaiko argazki eta bideoek Agusek Lasarte-Oriako euskara taldean eta Garaikoetxea ikastolan egindako lana erakutsi zuten, hala nola, Xixuko eta Olentzeroren etorrera Lasarte-Oriara, Agusek euskararen erabilera normalizatzeko Udalean egindako helegiteak, etab.
Era berean, herriko pailazoen sorreraz, euskal girotze barnetegien eta Maratoiaren ideiari buruz gehiago jakin zuten bertan bildu zirenek
Ostean, Mari Jose Eizmendi Ttakuneko lehendakariak Agus Mujika, Takolori Ttakun saria eman zion.
Ekintzak
Ekitaldiko momentu hunkigarriena, Imanol Lizardik, Agusen lagun minak, Aitor Atxega gitarran lagun zuela, honi Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak doinuarekin bertso musikatua eskaini zionean izan zen.
Honen ostean, Ttakun Kultur elkarteak izan duen auditoria bereziari buruz jakin genuen Estitxu Garmendiak, Miren Egizabal et Xabier Arrutik egindako antzezlanean.
Eta ezin zen omenaldi honetan azken Maratoiko zortzikotea falta. Hauek Maratoiko antolakuntza bileretako parodia egin zuten eta amaieran, Agus Okendoko palmondoaren zaintzaile izendatu eta palmondo txiki bat oparitu zioten.
Agusek ere bere show-man aldea erakutsi zuen ekitaldian. Abestu eta Martintxo panpinarekin bentrilokia saioa egin zuen.
Gainera, Zaldibiko ohituretako bat Lasarte-Oriara ekarri zuen. Gazta bat zintzilikatu eta hau altueran zenbat milimetrora zegoen asmatzen zuenak, gazta eta mondejo sorta bat eramango zuen.
Jendeak bere apustuak egiten zituen bitartean, Ibon Etxabe zaldibitar gazteak magia saioa egin zuen.
Azkenean, hiru izan ziren sari eraman zutenak.
Eta omenaldiari amaiera emateko, karaokea eta maratoiko abestiak, izan ere, zortzikoteko kideak izan ziren Bero-bero abestiarekin hasi zirenak. Agur Xuberoa, Behin batian Loiolan edo Riki-riki doinuek aretoko ikusleak dantzan eta kantuan jarri zituzten.