Badakizue euskara guztion altxorra dela, euskarak ez duela nazioarteko egun bat behar baizik eta 365 (366 bisurtetan), eta abar. Baina topikoak dira horiek. Udalak euskararen alde egin duena herrenka amaigabe batean jartzea ere posible da egun honetan, Euskara Biziberritzeko Plana, adibidez. Baina horretan nengoela, esaldi bat etorri zait burura, Napoleonek ingeles gudarosteak bere aurka gerrarako prest zituenean Josefinari esan omen ziona: jantzi iezadazu poliki presa dut eta. Napoleonek bezala euskarak ere presa du normalizatzeko baina, era berean, poliki jantzi behar dela uste dut.
Egia da euskarak presa duela plazara ateratzeko, kalera ateratzeko. Familian, aisian, erligioan, teknologia berrietan, administrazioan… euskarari lekua egin behar zaio berandu baino lehen, arnasa behar baitu. Baina oso ezberdina da arnasa behar izatea eta arnas estuka aritzea.
Euskaraz lan lasterra lan alperra dela esan ohi da eta benetan horrela dela aitortu beharko zaio euskal tradizioari. Izan ere, euskarak ezinbestekoak ditu zimendu sendoak, presaka aritzeko poliki-poliki jantzi behar baita. Denon adostasuna eta akordioa behar da, denon inplikazioa, ondo ehundutako konplizidadeak.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. Lasarte-Oriako Alkatea izateak eskaintzen duen ikuspegitik, gure udalerrian euskarak presa duelako guztiok poliki janzten ari garelakoan nago: talde politiko guztiak elkarrekin, ikastetxeak eta elkarteak euskararen alde elkarrekin lan egiten…
Espero dut ibilbide honek bere jarraipena izan dezala eta arnas estuka baino, arnas berrituta egin dezagun bidea, orain arte bezala.
Jesus Zaballos de Llanos
Lasarte-Oriako Alkatea