Lasarteoriatarrak Durangoko Azokan

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 3a

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako 45. Edizioak bihartik aurrera guztiok Gerediaga Elkarteak antolatzen dituen ekitaldiez, hala nola, hitzaldi, kontzertu edo solasaldi eta partaideek Azokara eramaten dituzten liburu, disko eta abarren aurkezpenez gozatzeko aukera izango dugu. Aurten gainera, egun gehiago edukiko ditugu azoka bisitatzeko, zubi luzeari esker. Abenduaren 4tik 8a bitartean Durangon elkartuko gara!

Egun bat falta da 2010ko Durangoko Azokak ateak zabal ditzan. Argitaletxe, elkarte eta diskoetxeek hainbat berrikuntza aurkeztuko dituzte abenduko zubiaren bost egunetan. Aurten, Kurdistan izango da herrialde gonbidatua. Bere kultura, dantzak... hurbiletik ezagutzeko aukera eskainiko da.
Urtero legez, literatura eta musika argitaletxeen berrikuntzak ezagutzeko hitzordua heldu da: Euskal liburu eta diskoen Durangoko azokaren 45. edizioa. Zabalik izango ditu ateak abenduaren 4tik 8ra bitartean.
Aurten ere herriko idazle, musikariak Durangon egongo dira beraien lan berriak aurkezten.

Eta Tira eta Tunba

Joseba Tapiak bere lan berria abenduaren 6an aurkeztuko du Ahotsenea aretoan. Arratsaldeko 18:00etan, Eta Tira eta Tunba diska berriko abestiak aurkeztuko ditu. Diska hau Zakurraren biolina argitaletxearen eskutik iritsiko zaigu merkatura.

Irrien Lagunak kluba

Pailazoak ere ezin dute huts egin abenduko zubian egiten den hitzordura. Aurten gainera, sortu berri duten Irrien Lagunak klubeko aurkezpena egingo dute abenduaren 4an eguerdiko 12:30etan.
Honetaz gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek disko berria aurkeztuko digute abenduaren 6an arratsaldeko 16:00etan Ahotsenea aretoan. Ongi etorri Pupu eta Lore diska iritsiko zaigu herriko pailazoen eskutik.
Irrien lagunak DVDak eta Ongi etorri Pupu eta Lore diskoak Katxiporreta argitaletxeei esker ikusi dute argia.

Cano bi bider

Blade of Light eta Ojo y medio izenburua duten liburuak aurkeztuko ditu aurtengo edizioko azokan Harkaitz Canok. Lasarteoriatarraren bi obra berri hauek salgai izango dira Durangoko 45. Liburu eta Diska Azokan.
Blade Of Light obra University of Nevada Press-i esker argitaratu du eta Ojo y medio liburua Meettok argitaletxeari esker.

Biladi Hadi

Arramazka taldea ere aurkituko dugu Durangoko azokan. Asakapenaren Biladi Hadi proiektua aurkeztuko dute abenduaren 8an arratsaldeko 15:30etan Ahotsenea aretoan.
Arramazkak Rim Banna abeslariak eta DAM talde palestiarrak elkarlanean egindako Mikel Laboaren Gure hitzak abestiaren bertsioaren aurkezpenean abestia eskainiko dute.

Ez galdu aukera

Herriko artistez gain editorialak, banatzaileak, diskoetxeak, erakundeak eta kultur eragile ugarik parte hartuko dute Azokan. Euskarazko argitalpenak eta euskal gaiak edozein hizkuntzatan aurkitu daitezke-. Ez galdu aukera, zubian, abenduaren 4tik 8a bitartean Durangon. Goizeko 10:30etatik arratsaldeko 20:00ak arte egongo da azoka zabalik.