2010.eko Multimusikala jaialdia abenduaren 17, 18 eta 19an burutuko da Michelingo teniseko pista estalian. Aurtengo egitarau zabalean berrikuntza nagusia igandean egun osoz egingo den euskal jaia izango da eta bestalde, ostiral eta larunbatean kontzertuak izango dira Michelingo tenis eremuan eta herriko zenbait tabernetan. Ostiralean gaueko 21:00etan hasiko dira kontzertuak Michelinen eta larunbatean arratsaldeko lehen orduetan bertan zein tabernetan. Abend, Jalgi, Sustrai, Obelix, Xirimiri, Ilargi eta Timon tabernek hartuko dute parte Multimusikalean.
Talde ezagun batzuek joko dute, besteak beste, Zea Mais eta Naizroxa taldeek, eta herriko talde batzuek ere izango dute tokia kartelean, Hilotz, Oreindik eta Arramazkak hain zuzen ere. Multimusikalari buruzko informazioa http://multimusikala.blogspot.com/ eta facebook-en.
Otorduei dagokionez, larunbatean babarrun jana egingo da, eta igandeko euskal jaiaren baitan bazkari herrikoia.
Ostadar, Erketz, Amalur, Xumela eta Bertso Eskola ari dira Euskal jaiaren antolaketan Multimusikala Elkartearekin batera. Trikitilari, txistulari, kantu jira, joku herrikoi, bertsolari, Fermin Valencia, euskal erromeria,... denetik izango da eta baserritarrez janzteko deia luzatu dute.