Zesta-punta umeei irakasteko topaketa abenduaren 11n

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 3a

Zesta punta, euskaldunek munduko hainbat tokitara zabaldu zuten pilota jokoa da, besteak beste, Mexiko, Filipinak eta AEBetan jokatzen da, baina bertan gero eta jokalari gutxiago daude eta galtzen ari den jokoa da.
Hortaz jabetuta Kepa Urdanpilleta jokalari ohiaren inguruan sortu den talde batek zesta-punta bultzatzeko topaketa antolatu du: abenduaren 11n arratsaldeko 5etan hasita Michelingo frontoi estalian haur eta gaztetxoei zesta-puntan nola jokatzen den erakusten arituko dira.
Argi dago ikusi eta ezagutzen ez duenak ezin duela jokatu eta talde honen helburua haurrei erakustea da gainbehera den jokoari bultzadatxo bat emateko.
Xistera handiak eta pilotak izango dira bertan eta haurrek ikusiko dute ze abiada handia hartzen duen pilotak xextotik ateratzen denean. Ondoren 18:30 inguruan hasita elkartzen diren guztientzat merienda izango da eta Kepa Urdanpilletari, Bartzelonan debutatu zuenetik 50 urte bete direnean, omenaldia egingo diote.
Erakustaldian Gipuzkoako toki ezberdinetako haurren arteko neurketak eta jokalari helduen arteko neurketak jokatuko dira. Hauen artean izango da Iban Salas profesionala ere. Topaketa doan da eta nahi duten guztientzat ateak zabalik dira.