[b]IX. Multimusikala[/b], 17tik 19ra, tenis pistetan

jon-altuna 2010eko abenduaren 10a

Abenduaren 17 eta 18an, ostiral eta larunbatez, rock musika izango da nagusi Lasarte-Orian, Michelin-en eta herriko zenbait tabernetan burutuko baita 9. urtez jarraian Multimusikala jaialdia. Izen bereko elkarteak antolatzen duen egitarauko kontzertu garrantzitsuenak Michelingo Tenis Eremuan burutuko dira eta herriko zenbait tabernetan ere musika taldeak eta DJak izango dira larunbatean. Aurtengo berrikuntza, igandean, hilaren 19an burutuko den egun osoko euskal jaia izango da. Beraz, hiru eguneko egitarau zabala antolatu du Multimusikala elkarteak astebururako.

Aurtengo Multimusikala jaialdia abenduaren 17, 18 eta 19an burutuko da Michelingo teniseko pista estalian, Udalak bertan egiteko aukera eskaini baitie antolatzaileei. Urtero bezala ez da sarrerarik ordainduko Euskal Herri osotik eta kataluniatik datozen taldeen kontzertuak ikusteko eta soilik larunbat eta igandeko bazkariak ordainduko dira.
Aurtengo egitarau zabalean berrikuntza nagusia igandean egun osoz egingo den euskal jaia izango da. Bestela, aurreko urteetan egin den antzera, ostiral eta larunbatean kontzertuak izango dira Michelingo tenis eremuan eta herriko zenbait tabernetan.
Ostiral gaueko 21:00etan hasiko dira kontzertuak Michelinen eta larunbatean arratsaldeko lehen orduetan Michelinen bertan zein tabernetan. Abend, Jalgi, Sustrai, Obelix, Xirimiri, Ilargi eta Timon tabernek hartuko dute parte Multimusikalean.
Talde ezagun batzuek joko dute, besteak beste, Zea Mais eta Naizroxa taldeek, eta herriko talde batzuek ere izango dute tokia kartelean, Hilotz, Oreindik, Arramazka, Kalean eta Aurkak hain zuzen ere.

Gironatik 085

Aurten, iaz Valentziatik bezala, Kataluniako Gironatik datoz bixitariak. 30 lagun etorriko dira autobusean kontzertu eta beste ekitaldietaz gozatzera. Tartean “085” izeneko Gironako taldea. Hain juxtu larunbatean joko du talde hobek Oreindik-ekin batera Xirimiri elkartean.
Otorduei dagokionez, larunbatean Michelinen babarrun jana egingo da, eta igandeko euskal jaiaren baitan bazkari herrikoia.

Ostiralean Zea Mays

Ostiralean hasiko da 9. Multimusikala jaialdia arratsaldeko 20:00etan Michelingo gunean egingo den irekiera ekitaldiarekin. Ordoren 21:00etan hasiko da lehenengo kontzertua.
Arramazka herriko taldea izango da lehenengo taldea oholtzan, ondoren disko berriarekin datorren Zea Mays Leioako talde ezagunak joko du eta azkenik Marianitoz Blai izenekoak. Bukatzeko DJ Bull-ek jarriko du oraindik bertan direnek dantza egiteko musika.

Larunbatean tabernetan

Egitarau zabal eta mardulena larunbatekoa da, alde batetik 19:30etan hasiko delako Michelingo kontzertua Blaka, Naiz Roxa eta Cohen talde interesgarriekin eta bestalde, 17:00etatik aurrera kontzertuak izango direlako tabernetan.
Madeleine eta Maldan Behera ikusi daitezke Jalgin; Hilotz eta Desegin Abenden; Aurka eta Yellow Pace, Sustrain; All Became Dust, Oreindik eta 085 Xirimirin, 19:00etatik aurrera eta Kalean Obelixen, 20:00etan. Gauean DJak izango dira Ilargin eta Abenden, Karaoke gunea izango da Timon tabernan eta Bilboko More Jaia kolektiboak itxiko du Michelingo festa.

Kultura askea

Aldarrikapenak ere izango du tokia urtero bezala Multimusikalean, eta hori ostiraleko aurkezpenean eta larunbat eguerdiko kalejiran islatuko da. Kultura eta musika askearen alde giro ederrean emango dute herrian itzuli bat dantza eta perkusio afrikarra egiten duen talde batekin.
Multimusikala antolatzeko lekua topatzeko Lasarte-Oriako Udalarekin nahikoa hartueman eta tirabira izan dituzte Multimusikala elkarteko antolatzaileek, baina azkenik lortu dute Michelingo Tenis Eremuan egiteko baimena. Aurretik beste hainbat leku eskatu zituzten, baina azkenean Udalak Michelingo Tenis Eremuan egiteko aukera eskaini die. Toki hau estalia da eta ez da aterpea jarri beharrik izango.
Aurreko urtetan bezala Andatza Plazan egiterik ez da izan, bertako bizilagunen kexak egon direlako azkenaldian beste kontzertu batzuek antolatu direnean.
Aipagarria da Andatzan Juan Mari Cerezoren omenez honen lagunek Multimusikala elkartearen laguntzarekin kontzertua antolatu zutenean Andatza plazako bizilagunei zuzendutako ohar bat argitaratu zutela eta plaza inguruko atari guztietan jarri, bizilagunei ekitaldietan parte hartzeko gonbidapen zuzena eginez eta sor zitezkeen trabengatik aurretik barkamena eskatuaz.

Betiko ordutegia

Multimusika elkartekoek espero zuten kontzertuak erdigunetik urrutiratu direnez ordutegia malguagoa izango zela, baina ez dute horretan Udalaren eskuzabaltasunik izan. Aurten ere, goizeko 3etan amaitu beharko dira kontzertuak eta beste ordu bete izango dute antolatzaileek musika ekipoak jaso eta tokia husteko.
Multimusikalari buruzko informazioa http://multimusikala.blogspot.com/ eta facebook-en dago.