Arratsaldeko 17:00etan zen hasteko ordua eta puntu-puntuan hasi ziren mutil koxkorren arteko lehia laburrak. 10 eta 11 urteko hamaika gaztetxo ibili ziren lehian, gehienak Zumaiakoak ziren.
Profesionalen partida
Gaztetxoen txanda amaitu zenean, profesionalek hartu zuten erreleboa eta Donostiako Yagoba eta Erauskin pilotariak Hernaniko Iban Salas eta Urdanpilletaren aurka lehiatu ziren. Hernanikoek eraman zuten txapela, beraiek izan baitziren lehenak 25 puntutara iristen, Donostiakoak gogor saiatu ziren aurrea hartzen baina 16 punturekin geratu ziren.
Profesionalak jokatzen ari ziren bitartean, haurrei meriendatxo bat eskaini zieten antolatzaileek.
Partida jokatu zutenek eta ikusten egon zirenak ederki gozatu zuten mahai gainean zituzten ogitartekoekin (txorizoa, mortadela, gazta...) fruta eta freskagarriekin.
Omenaldia
Ondoren merezitako omenaldia egin nahi izan zioten antolatzaileek Kepa Urdanpilleta jokalari ohiari. 1960an debutatu zuen Urdanpilletak Bartzelonan, eta 50 urte bete direnean txapela eta oroigarria jaso zuen bere semearen eskutik.
Urdanpilletak profesional mailan leku askotan jokatu zuen, besteak beste Floridan eta Milanen.
Eskola
Topaketa antolatu duen taldearen helburu nagusietako bat zesta-punta ezagutaraztea da, argi baitago ezagutzen ez duenak ezin duela jokatu eta gainbehera doan joko honi bultzadatxo bat eman nahi diote. Horregatik, omenaldiaren ondoren, haurrei erakusten aritu ziren bertan bildutako jokalariek, Kepa Urdanpilleta barne.
Xistera handiak eta pilotak zeuden bertan haurrek ikusi eta probatzeko eta haur ugari animatu ziren, lehenengo aldiz zesta eskutan hartu eta pilota nolako abiadurarekin ateratzen den eta nola egin behar den ikastera.