Lasarteoriatarrak Sahararen alde

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 13a

Abenduaren 10ean Giza Eskubideen eguna zela kontutan hartuta, Mendebaldeko Sahararen egoera larria salatzeko elkarretaratzea antolatu zuten larunbatean Sahara Herriaren Lagunak taldeak, Komite Internazionalistak eta Askapenak, "lasarteoriatarrek euren elkartasuna erakusteko Saharar herriari".
Udaletxe aurrean, eguerdiko 12:00etan bildu ziren berrogeita hamar herritar inguru, eta ordu erdi pasatxoz, Mendebaldeko Sahararen egoera larria salatu zuten Giza Eskubideen alde, Sahara Askatu lelopean. Antolatzaileek esan zigutenez, "Hemen, Euskal Herrian, herriaren nahia saharar herriari laguntzea da, beraien askatasuna lortzen laguntzea. Dituzten eskubideak, lasai, duintasunez eskuratzen laguntzea eta bide horretan eragile guztiak egin behar dugu bat, norbanakotik aldundietara, elkarteetatik alderdi politikoetara".
Sahara Herriaren Aldeko Lagunek, Maroko Saharar herrian burutzen ari den triskantza ere salatu nahi dute, "Hori baita Espainiar estatuak salatu nahi ez duena, egia eta bertan gertatzen dena guk baino askoz hobeto jakin arren. Mila bider entzuna dugu giza eskubideak denaren gainetik daudela, mila bider errepikatu digute gizakiak denen gainetik daudela eta mila bider esan digute gezurra".
Honetaz gain, Espainiako Gobernuari bere erantzukizunari eutsi diezaion eta Sahararrek deskolonizazio prozesua itxi dezaten aldeko politika egin dezala eskatzen diote; sahararren autodeterminazio eskubidea defendatzen bereziki.