Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hasiera batean ikasturte berriarekin egoitza aldaketa izango zela aurreikusita bazegoen, azkenean urtearen amaiera arte itxaron behar izan dute Lasarte-Oriako H.H.I. Helduen Hezkuntza Iraunkorreko ikasle eta irakasleak Osasun Zentroko hirugarren solairura joateko. Azkenean iritsi da eguna, eta asteartean instalazio berriak inauguratu ziren.
Inaugurazio ekitaldian Jesus Maria Zaballos Lasarte-Oriako alkatea, Julen Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako ordezkaritzako hezkuntza ikuskatzailea, eta Paco García, H.H.I. zentroko zuzendariak izan zuten zinta mozteko ardura eta ohorea. Hauetaz gain, herriko zinegotzi, H.H.Iko zuzendaritza taldea eta ikasle mordoa bildu zen egoitza berriari ongi etorria emateko. Zinta moztu eta aurkezpen ekitaldiarekin hasiera eman zioten agintariek.
Eraikin honen garrantzia
Denon jakinean dago inoiz ez dela berandu ikasten hasteko, eta hori argi geratu da Lasarte-Oriako H.H.Iak hartu duen dimentsioa ikusita. Egun 400 ikasle eta 14 irakasle daude proiektu honen baitan. Hau guztia gogoratu eta “bizitza ikasketa prozesu bat da, inoiz ez zaio ikasteari utzi behar” adierazi zuen Jesus Maria Zaballok alkateak. Julen Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako ordezkaritzako hezkuntza ikuskatzaileak instalazioen egokitasuna azpimarratu zuen eta argi utzi zuen Eusko Jaurlaritzak helduen hezkuntza jarraituarentzako bideak ezartzen jarraituko duela.