15_Xixukoren bisita, Eguberrien iragarle

Txintxarri Aldizkaria 2010eko abenduaren 15a

Xixuko, Olentzeroren laguna, Lasarte-Oriako ikastetxeetan izan zen pasa den astean.
Olentzero egun hauetan lanaz lepo dabil, umeak onak izan diren edo ez erabakitzen, opariak aukeratzen, oparitako paperean biltzen, zakutan sartzen... horregatik, Xixuko bere laguntzaileak haurren eskutitzak jaso ditu gure herrian.

Haurrak irrikan

Landaberri ikastolako eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko txikiak Xixuko ikusteko irrikan aurkitu genituen, gainera ongi etorria emateko askok marrazkiak eman zizkioten opari gisa.
Xixukok haurrei Olentzeroren berri emateaz gain, magia truku pare bi egin zizkien herriko haurrei. Hori koloreko arrosa triste batzuk, lore sorta koloretsu eta eder batean bilakatu zituen. Honetaz gain, oraindik herrian ikusi ez dugun elurra jaitsi zuen Olentzero bizi den mendi tontorretik.

Olentzeroren bisita

Xixukok ikastetxeetan jasotako eskutitzak eraman dizkio Olentzerori.
Zuk aukera izan ez baduzu, ez larritu, azken aukera duzu, abenduaren 24an. Izan ere, egun horretan, Olentzero eta Xixukok herri desberdinak bisitatuko dituzte eta ezin Lasarte-Oriarekin duen hitzordura falta.
Ikazkina eta bere lagun bereziak Andatza plazan egongo dira arratsaldean. Ez ahaztu!