Zer egin haurrekin igande arratsalde hotz eta euritsu batea? Zinea joatea ez da plan txarrik izaten. Zuk galdetzen diozu alabari -edo semeari-, "nahi al duzu zinera joan?" eta "baiii!" poz-pozik erantzuten dizu. Gero erak galdetzen dizu zuri, "zer pelikula botako dute? Erdaraz edo euskaraz?" eta "erdaraz" erantzutean sumatzen diozu galdatze keinu bat, "erdaraz? Beti erdaraz?"
Hala da. Egitate bat da gutxienez hiru hilabetetik hona daramagula euskarazko filmik egon gabe. Orain arte beti txandakatzen zituzten euskaraz eta erdarazko pelikulak. Azkenotan, berriz, erdara da jaun eta jabe herriko zinean. Zergatik?
Hori zela eta, deitu genuen telefonoz kultur etxera horren berri jakin nahian. Bai, lortu genuen arduradun batekin hitz egitea, eta distribuidorarenean zegoela arazoa esan zigun, baina guk erantzun genion badakigula Donostian eta, umeentzako euskarazko pelikulak botatzen dituztela, eta orduan zein zen azken arrazoia berak ez zekienez, telefonoa uzteko esan zigun eta behar bezala izango zela gure jakin mina asetua. Gaur arte!
Bestalde, gure arrazoia, xumea bezain zaila da, antza, gaur eta hemen, halaber gure hautua: euskaraz osotoro bizi ahal izatea. Badirudi pentsatzen eta esaten ez dena dela, "baina erdaraz badakigu denok eta!" Horrexegatik, hain zuzen ere, udal honetatik espero genezakeena da euskararen aldeko diskriminazioa egite nabaria, politikoki zein sozialki nola kulturalki.
Bai horixe! Aurrera ari gara "euskararekin bat" egiten. Alabaina, euskarak ekintzak behar ditu, lelo oportunista eta sinbolikoez haratago.
Montse Simon