Urtarrila

taxio-arrizabalaga 2010eko abenduaren 16a

Urteko azken zutabea idaztea egokitu zait gaurkoan, 2010. urteko azkena. Sinbolismoz josiriko testua litzateke horrelako egun batetarako egoki; Olentzerori idatziriko gutunaz, Jainkoari hurrengo urtean berdin jarraitzeko eskatu izanaz edo egunkari eta telebista gehienek egingo duten moduan, urteko gertakari garrantzitsuenez mintzatu beharko nintzateke, beraz. Data berezietan bizi garela aipatu beharko nuke, "Hator hator" abestu eta gure herriko rotondetako argiei begira pozez bete eta irribarre egin beharko genukeen urteko egunetan gaudela esan, hain zuzen. Eta loteria, aberastea,... ere ezingo nituzke ahaztu.
Maitasunaz ere hitz egin ahalko nuke, bestela. Edo musikaz, orain urtebete egin gisara. Askatasunaz edo politikaz ere bai, noski. Eta gu guztion beldurrez, frustrazioez edo minez. Gabonak lirateke guzti honen gainetik, ordea, gai, jomuga apropos. Gabonetan baikaude.
Gabonak dira nagusi; gabonak dira ekonomia, gabonak dira zorion, gabonak dira bake. Abendua amaitzear den honetan, ez dago kalean hotzez dardarka ari den pertsonarik; eta ezta bere buruaz beste egin nahi duenik ere; ez minbiziarik, ez depresiorik, ez HIESik. Gabonak bakarrik.
Ez nuke, hala ere, esandako guzti hau kritika itsu/huts baten gisara planteatu nahi; ez nizueke gabonen aurkako eraso merke bat soilik luzatu nahi. Honen ordez, nahiago dut, udazkenak negua dakarren gisara, abendua amaitu ostean urtarrila ere helduko dela esan.