EAJko bozeramaileak aurkako jarreraren azalpenean proiektuari buruzko informazio eskaera egin zion alkateari, “azterlanik egin ez den proiektu honi buruz herritarrei informazioa ematea da bidezkoa, zein gastu dituen, nola ordainduko den, zein zerbitzu emango dituen...”
Alkateak erantzuna ematerakoan koherentzia eskatu zion EAJko ordezkariari: “izan ere, martxan dauden beste proiektu batzuetan ere ez da azterlanik egin eta horiei buruz ez duzu galdetzen”. Alkateak azaldu zuenez, Gaztelekuak zerbitzuen hobekuntza bat dakar, “zerbitzuetako asko martxan dira dagoeneko, baina kokapen desberdinetan eta guztiak bateratuko ditugu”.
Era honetara, Gaztelekuko lanen zuzendaritza, proiektua egin zuen Scala arquitectura enpresaren esku geratzen da.
Kredituak eta trafikoa
Era berean, 2010 urteko ekitaldian kredituak aldatzeko bideratu diren dosierren berri eman eta kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko dosier berri bat ere onartu zen, PSE-EEren aldeko bozkak eta oposizioaren abstentzioa dela eta.
Hauen barruan, Antonio Merceroren museoa osatuko duten informazioa, filmak etab. lantzen ari den enpresaren ordainketa dago.
Azkenik, Estatuko legearen arabera, trafikoa, motordun ibilgailuen zirkulazioa eta bide segurtasunaren arloan Udalaren zigor ahalmena erabiltzeko prozedura erregulatzen duen ordenantzaren aldaketa ere onartu zen, PSE-EE eta Ezker Batuari esker. Beste alderdi guztiak berriro ere abstenitu ziren.
Ezker abertzaleko zinegotziek, “lege hori, Udalaren autonomia murrizketa dela iruditzen zaigu,” adierazi zuten haien bozka azaltzean.